Emausen bigarren eskuko dendaren irekiera ekitaldia egin dute Biziolan
Proiektuaren aurkezpenarekin batera, tailer praktikoa, mokadutxoa eta kontsumo jasangarriaren inguruko hausnarketa partekatu dituzte. Ekimenaren helburua moda industriaren inguruan hausnartzea eta kontsumo jasangarria bultzatzea da.
Bigarren eskuko arropa dendaren aurkezpena eta irekiera ofiziala egin dute Lazkaoko Biziolan. Hain zuzen ere, Emaus Fundazioarekin elkarlanean egindako proiektu bat da honakoa, eta uztailetik aurrera hasi ziren antolatzen. 11:00etan eman diote hasiera aurkezpen ekitaldiari, eta tailer praktiko bat eta mokadutxoa ere egin dituzte.
Aurkezpena Emaus Gizarte Fundazioko zuzendaria den Aitziber Zubillagak eta Biziolako komunikazio arduraduna den Ainitze Kortak egin dute. Elkarlanaren nondik norakoak azaldu dituzte, baita bi entitateen helburuak mahai gainean jarri ere. Gainera, gerturatu direnek aukera izan dute proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko. Jarraian, 11:45ean, Maialen Uranga itxura aholkulariak gidatutako kolore tailerra egin dute. ‘Koloreen magia deskubritzen; beroak vs hotzak’ izeneko tailerrean, norberaren azalarekin ondoen bat egiten duten koloreak identifikatzen lagundu du Urangak.
Moda jasangarria ardatz
Duela bi urte Goierriko Hamabostaldi Ekologikoan egindako truke azokan dago proiektuaren oinarria. Orain, ordea, proiektuak pauso bat gehiago eman du, eta Emaus Gizarte Fundazioarekin lankidetzan bigarren eskuko denda jarri dute martxan. Kortak adierazi du, ekimen honen helburua “moda industriaren inguruan kontzientzia handiagoa sortzea eta ekonomia zirkularra sustatzea dela”. Bestalde, Zubillagak ere azpimarratu du “beste modu batean kontsumitzea ezinbestekoa” dela gaur egun, baita prozesu horretan “ekonomia soziala oinarri izatea” ere. Bi antolatzaileek nabarmendu dute arropa berria erosi baino lehen lehendik dagoena berrerabiltzea dela aukera iraunkorrena: “Kontsumo masiboa ekiditeko eta bulkadaz ez kontsumitzeko bide ezin hobea da bigarren eskuko arropa”.
Gainera, Biziolak etxean erabiltzen ez diren arropak jasotzeko edukiontzi bat ere jarri du espazioan, edonork bere arropak bertara eraman ahal izateko. Etorkizuneko helburuei dagokienez, Biziolak gizarteratzea eta ekonomia eredu alternatiboak sustatzen jarraitzeko asmoa du, betiere Emaus Gizarte Fundazioaren laguntza teknikoarekin eta esperientziarekin.













