Solidaritatea jomugan Legorretan
Artisau azoka, VIII. herri lasterketa eta Garagardo azoka antolatu dituzte gaurko. Eguraldi onak lagunduta, jendetza bildu da herriko plazan.
Pikuk Kirol Elkarteak VIII. Asteburu solidarioa antolatu du Legorretan. Atzo izan zen lehenengo eguna, eta Ataxia Telangiectasia gaixotasunari buruzko hitzaldi zein kontzertu batekin eman zioten hasiera egitarauari, AEFAT elkartearen eskutik.
Gaurko egunerako ere egitarau oparoa prestatu dute herrian. 10:00etan zabadu dute artisau azoka, eta jarraian, AEFAT elkartearen aldeko VIII. herri lasterketa egin dute, 11:00etan hasita. Partaideek bi aukera izan dituzte: korrika egin dutenek 7 kilometroko ibilbidea osatu dute, eta oinezkoek, berriz, 4 kilometrokoa. Ondoren, sari banaketa eta Pikukada batukadaren emanaldia izan dira. Eguraldi onak lagunduta, jendetza bildu da eta giro aparta sortu da herriko plazan.
Eguerdian, festa XVI. Garagardo azokara lekualdatu da, Aldapa Haundi kultur elkartearen eskutik. Bazkariaz gain, bingoa eta karaokea ere antolatu dituzte, eta eguna borobiltzeko DJ Lymaren emanaldia ere izango da.













