Martxan da Asteburu Mikologikoa Legazpin
Ibilbide mikologikoarekin hasi dute eguna legazpiarrek, Barrendiolako urtegian. Saldutako barrengorri pintxoen dirua Gernika-Palestina herri ekimenarentzat izango da.
Ibilbide mikologikoko partaideak, Barrendiolako urtegian. Atzo eman zitzaion hasiera asteburu mikologikoari Legazpin, eta aurtengo ediziorako ere egitarau oparoa osatu du Lekanazpi elkarteak. Gaur ibilbide mikologikoarekin hasi dute eguna herritarrek: Jon Ander Jaka, Xabi Galdos eta Maialen Aztiriaren gidaritzapean Barrendiolako urtegian barrena egin dute txangoa eta perretxiko bilketa. Ondoren, bildutako perretxikoak jaso dira Azoka gunean, eta horien sailkapena egin dute Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Behin horiek antolatuta, perretxikoak ikusteko aukera ere izango da 18:00etatik 23:00ak arte antolatutako erakusketan.
Palestinaren aldeko keinua
Aurten ere Txanpi Solidarioa ekimena martxan jarri dute, eta saldutako barrengorri pintxoen dirua Gernika-Palestina herri ekimenarentzat izango da, palestinarrei laguntzeko. Salmenta 19:00etatik 21:00etara egingo da. Talde honek mahai bat jarri du azokan, egiten duten lanaren berri emateko.
Ekimen horrez gain, 19:00etatik 21:00etara Upelgilearen begia apustu-jokoa egingo da, eta baita, Saskia pisatzea eta sari banaketa 21:00etan. Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko du.
Biharko egitaraua:
IGANDEA, URRIAK 5
10:00-15:00. Perretxikoen erakusketa Azokan.
12:00-13:30. Umeentzako eskulana.
12:00-14:30. Upelgilearen begia apustu-jokoa.
13:00-14:30. Hainbat perretxiko pintxoren dastaketa azokan.
14:30. Saskia pisatzea eta sari banaketa.
15:00. Itxiera.













