Musikaz eta kolorez jantzi da Zaldibia
Aniztasun Jaia, Sega-pikatze txapelketa eta bertso saioa izan dira goizean. Arratsaldean, dantza emanaldia eta herri kirolak ikusteko aukera izango da.
Ekuadorreko herritarrak dantzan. Festa betean dira zaldibiarrak. Gaur emango die amaiera jaien lehen asteburuari, baina hurrengo astean ere izango du jarraipena festak. Goizean zehar ekitaldi ugari egin dituzte: Aniztasunaren Jaia, Sega-Pikatze Txapelketa eta Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolarien saioa, besteak beste.
Zaldibiako plaza kolorez eta aldarrikapenez bete da munduko herrialde desberdinetako banderekin. Aniztasun Festaren baitan, herriko kultura ezberdinetako kideek parte hartu dute bertan, eta dantza, kanta eta janari dastaketak izan dira protagonista. Bestalde, gazte eta helduen Sega-pikatze txapelketa ere egin dute goizean zehar, Almitza Sega elkarteak antolatuta. Eguerdi aldera, berriz, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariak ibili dira herrian zehar.
Arratsaldean ere jarraipena izango du festak. Alde batetik, Dantza emanaldia izango da plazan, 17:30ean, Iztueta Dantza taldearen eskutik. Bestetik, herri kirol saioa plazan, Almitza Sega elkarteak antolatuta.













