Bihar hasiko da Pausokaren bederatzigarren edizioa Lazkaon
Astearte eta ostegunero elkartuko dira 10:30ean plazan, ariketa fisikoa egiteko. Hileko azken asteartean belaunaldien arteko topaketa berezia egingo dute.
Ikasle zein adinekoak iaz, Pausokaren ibilaldietako batean. Lazkaoko Udala Bederatzigarren urtez jarraian, taldean ariketa fisikoa egiteko urteroko ekimenari hasiera emango diote bihar Lazkaon; adinekoak ere ariketa fisikoa egin dezaten eta lagunartera bildu daitezen egiten den ekimena da Pausoka. Astearte eta ostegunero, goizeko 10:30ean elkartuko dira herriko plazan. Adin-tarte guztietarako irekia da.
Udalaren Gizarte Zerbitzuetatik antolatutakoa da Pausoka, baina herriko eragile eta instituzio gehiago dira laguntzaile: Orobione jubilatu elkartea, San Benito Ikastola, Azki emakume elkartea, Txindoki gertontologikoa eta Osakidetzaren herriko anbulatorioa.
Hain justu elkarlan horretatik sortuta, hileko azken asteartea berezia izango da, izan ere, egun horretan San Benito ikastolako ikasleak zein Txindoki zentroko erabiltzaileak ere batuko dira ibilaldira, elkarrekin paseoaz gozatzeko. Antolatzaileen esanetan, belaunaldien arteko topaketak “aberasgarriak” izaten dira, harreman berriak sortzeko aukera “paregabea” eskainita.













