BKL saskibaloi klubak denboraldi berria aurkeztu du
18 talde eta saskibaloi eskola izango ditu 2025-2026 denboraldian.
BKL saskibaloi klubaren familia argazkia.BKL Beasaingo BKL saskibaloi klubak 2025-2026 denboraldiari hasiera eman dio joan den ostiralean, Erauskin plazan egin zuen aurkezpen ekitaldiarekin. Giro aparta nagusitu zen, jokalari, entrenatzaile, familia eta zaleen artean, eta saskibaloiaren komunitate osoak elkartzeko aukera izan zuen.
Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasi zen eta BKLren familia osoaren topagune bilakatu zen. Ohi bezala, klubeko talde guztiak aurkeztu zituzten banan-banan; aurten 18 talde izango dira, haur mailatik senior mailara bitartean, eta horrez gain saskibaloi eskola, urtero dozenaka haur saskibaloian hezten dituena.
Gainera, aurkezpenak gonbidatu bereziak izan zituen: Emakumezkoen Endesa Ligako IDK Euskotren taldeko jokalariak izan ziren bertan, Beasaingo saskibaloi zaletuekin une hori partekatzeko.













