Beasaingo azokaren eta elikadura osasungarriaren aldeko elkarlana ikasgeletara itzuli da
Udalak, ikastetxeek, azokako ekoizleek, Osakidetzak eta Laia Kooperatibak hirugarren urtez jarraian abiarazi dute 'Azoka eta elikadura osasungarria' programa, gaztetatik ohitura osasungarriak eta bertako produktuen balioa sustatzeko.
Programaren sustatzaileak.Ariane Vierbücher Hirugarren urtez jarraian, Beasaingo Udalak, herriko ikastetxeek, azokako ekoizleek, Osakidetzak eta Laia Kooperatibak Azoka eta elikadura osasungarria izeneko programa jarri dute martxan, gaztetatik ohitura osasungarriak barneratu eta tokiko kontsumoaren garrantziaz jabetzeko asmoz. Beasaingo udaletxean egin zuten aurkezpena, programan parte hartzen ari diren eragileen presentziarekin.
Beasaingo Udalaren esanetan, ekimenak «tokiko ekonomia indartzea eta herritarren ongizatea» uztartzen ditu. Leire Artola alkateak nabarmendu zuenez, Beasaingo Udalaren lehentasunen artean dago azokaren eta merkataritzaren sustapena, «izan ere, bertako eta garaiko produktuen kontsumoak osasunean eta bizi kalitatean eragin zuzena du». Haren iritziz, proiektu hau «azokaren irudia sendotzeko eta herritarren artean ohitura osasungarriak zabaltzeko» lanaren emaitza da, eta hirugarren urtez antolatzea «bide egokia aukeratu dela» erakusten du.
Gosari osasungarriak
Programak urriaren erdialdetik abenduaren erdialdera bitartean garatuko diren tailerrak eta jarduerak barne hartzen ditu. Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek elikadura eta emozioei buruzko lanketa egingo dute, eta ondoren, gosari osasungarri bat prestatuko dute bertako produktuekin. Tailerrak erizaintzako eta pediatriako profesionalek gidatuko dituzte, minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoekin elkarlanean. Osakidetzako Gorka Gullonek azaldu duenez, «tailerren helburua ikasleen artean elikadura ohitura osasungarriak sustatzea da, baina baita komunitateko eragileen arteko lankidetza sendotzea ere».
Ekimenak Eskola Agenda 2030 programaren baitan egiten du bat. Arduradun den Rosa Aurkiaren arabera, proiektu hau ikasleen ekarpenetik sortu zen 2023 urtean, haiek proposatu baitzuten azokaren eta bertako produktuen sustapena hezkuntza jardueretan txertatzea. aurten, 12. Garapen Jasangarriko Helburua -ekoizpen eta kontsumo arduratsua- izango dute ardatz, eta ikasleek deskontu-bonuak, azokako poltsa berriak eta ekoizleen ikusgarritasuna handitzeko iragarkiak grabatuko dituzte. «Ikasleek beraiek gidatzen dute proiektuaren garapena, eta horrek indarra eta jarraipena ematen dio», azaldu zuen Aurkiak.
Ekoizleen lana bertatik bertara
Ekoizleek ere protagonismo berezia izango dute. Azokara egingo dituzten bisitez gain, ikasleek baserrietara irteerak egingo dituzte, ekoizpen prozesuak bertatik bertara ezagutzeko. Altzagan ogi ekologikoa egiten duen Artzalbaltza baserria, Zaldibian dagoen Gipuzkoako Erlezain Elkartea, Gabiriako Onatibi Txiki sagastiak eta Zegamako Altzibarko Mendiaren baratze ekologikoa bisitatuko dituzte. Josetxo Mendia azokako ekoizleak azaldu zuenez, «ikasleek jolasaren bidez ezagutuko dituzte ohitura osasungarriak, ekoizleen lanetik hasita». Urtarriletik martxora egingo dituzte ekoizleekin jarduerak.













