Dozenaka herritar batu dira Beasainen Palestinarekin elkartasuna adierazteko
Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak deituta egin zuten elkarretaratzea; mobilizazioak astelehenero izango du jarraipena.
Dozenaka herritar bildu ziren Zubimusu plazan.Beasain Palestinarekin Herri Ekimena Dozenaka herritar bildu ziren atzo Beasaingo Zubimusu plazan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta genozidioa salatzeko. Elkarretaratzea Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak deitu zuen, «Palestinako egoera lazgarri eta jasanezinaren aurrea, kalean erantzuteko eta elkartasuna modu aktibo batean erakusteko».
Mobilizazioaren deitzaileen esanetan, herritarrek «ezin dute beste alde batera begiratu» eta beharrezkoa da «genozidioa geldiarazteko erantzun kolektibo eta irmoa» ematea. Horregatik, astelehenero egingo dute ordu laurdeneko elkarretaratzea toki berean, 19:00etan.
Elkarretaratze bakoitzaren aurretik, 18:30ean bilera irekia egingo da udaletxean. Topaketa horretan, Palestinan bizi duten egoeraren inguruko gogoeta partekatu eta hurrengo ekimenak adosteko aukera izango dute parte-hartzaileek.













