Hobariekin sarituko dituzte autoa partekatzen duten herritarrak
ParteCar ekimenaren bidez bidaietan %50eko deskontuak eta hobari ekonomiko berriak jasoko dituzte parte-hartzaileek.
Beasaingo Udalak berriz ere martxan jarri du autoa partekatzearen aldeko hobari kanpaina. ParteCar ekimeneko gidari eta bidaiariek diru-laguntzak jasoko dituzte berriro, ibilbide bakoitzeko %50eko hobariekin, gehienez 2 euro pertsonako.
Autoa partekatzeko Tribbu aplikazioa (lehen Hoop Carpool izenekoa) erabiliz, Beasainen jatorria edo helmuga duten bidaietan parte hartzen dutenek jasoko dituzte hobari horiek. Horretarako, erabiltzaileek aplikazioa deskargatu, erregistratu eta BEASAIN22 kodea sartu beharko dute.
Berrikuntza nagusia
Aurtengo kanpainaren berrikuntza nagusia Energia Aurrezteko Ziurtagirien sistemaren bidezko hobaria da. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak carpooling sisteman integratu du, eta horri esker, erabiltzaileek 0,04 euro kilometroko jaso ahal izango dute baliozkotutako bidaia bakoitzean, gehienez 1,50 euro.
Bigarren hobari hori jasotzeko, erabiltzaileek ‘BBonoa’ aktibatu behar dute Tribbu aplikazioan, eta bidaia bakoitzaren hasiera eta amaiera egiaztatu gidariarekin batera.
Auto partekatuaren datuak
Udalak emandako datuen arabera, ParteCar ekimenak 4478 erabiltzaile ditu erregistratuta, eta orain arte 9.700 bidaia partekatu dituzte, guztira 402.000 kilometro baino gehiago. horri esker, 60.000 kg CO2 eta 192.000 kg NOx isuri saihestu dira. Gainera, erabiltzaileek 54.000 euro inguru aurreztu dituzte erregaian.
Beasaingo Udalak auto partekatuaren aldeko apustua egiten jarraitzen du horrela, “jasangarritasuna, trafikoaren arintzea eta familientzako kostuen murrizketa bateragarri eginez”. Laguntza bikoitz horrekin, autoa partekatzea inoiz baino “errentagarriagoa” da herritarrentzat.













