Muxika eremuko partzela batean hamasei etxebizitza berri eraikiko dituzte
Partzela hil honetan aterako du enkantera udalak. Txistu tabernaren atzeko sailean eraikiko dira. Momentuz, hau da eraiki daitekeen bloke bakarra.
Muxika eremuaren baitan etxebizitza bloke berria egingo den partzela, Txistu tabernaren atzealdean. Josune Zarandona Ormaiztegiko Udalak Muxika eremuko partzela bat enkantera aterako du hil honetan, bertan prezio itunduko 16 etxebizitzako bloke bat eraikitzeko. Hori dela eta berriro ireki dute Ormaiztegiko etxebizitza eskatzaileen erroldan izena emateko epea. Errolda hau 2024an sortu zuten etxebizitza erosi edo alokatu nahi zuten ormaiztegiarren asmoak eta beharrak ezagutzeko helburuz. Kasu honetan, Muxika eremuan etxebizitza erosi nahi dutenek soilik eman beharko dute izena. Urriaren 15ean itxiko dute epea.
Jon Enrike Ormaiztegiko alkatearentzat «estrategikoa» da etxebizitzaren gaia herriaren etorkizunerako, baina urteak dira Ormaiztegin etxebizitza berririk eraiki ez dela. Bi dira eraiki ahal izateko arazo nagusiak: lur zoru publiko nahikorik ez izatea, eta Ormaiztegik duen uholdegarritasun arrisku handia. Hainbat saiakera egin dituzte azken urteetan, asko bertan behera geratu dira, baina «urteetako lanaren ondoren», Muxika eremuko partzela batean eraikitzeko baimena lortu du udalak.
HAPOaren aldaketa
Hain zuzen, Txistu tabernaren atzealdean dagoen lur sailean eraikiko dute bloke berria, errekaren alboan. «Muxika eremuaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean —HAPO— lau etxebizitza bloke planteatzen dira gaur gaurkoz; baina egindako azterlanen arabera, momentuz, errekaren alboan eraikiko den hau da egingarria den bakarra», zehaztu du alkateak. Eremuaren gainean egindako azterketa hidraulikoaren emaitzak garbiak izan ziren: «Muxikan ezinezkoa da HAPOan jasota dauden lau blokeak egitea, eremuaren uholdegarritasun maila altua delako». Muxikan etxebizitza gehiago eraikitzeko HAPOa aldatu beharra dago eta horrek «urteetako lana» suposatuko du.
Bien bitartean, eraikiko den 16 etxebizitzako bloke hau garaipen txiki bat da Enrikerentzat, «badakigu egingarria dela, proiektuari oniritzia eman behar zioten guztiek oniritzia eman diote eta partzela enkantera aterako dugu hil honetan. Guretzat prozesuaren amaieran gaude, tuneletik ateratzen, eta herritarrei aukera bat emateko moduan gaude», dio.
Honaino iristeko bidea ez da, hala ere, erraza izan; urteetako lana eta izapidetzeak eskatu ditu proiektuak. 16 etxebizitzako blokea eraikiko den eremua «birpartzelatu» behar izan du udalak, «udalak hiru partzela zituen jabetzan Txistu tabernaren atzeko eremuan, hiru partzela horiek bateratu behar izan dira eta eraikigarritasuna eman», azaldu du alkateak. Baina ez da hori sail horretan suertatutako eragozpen bakarra, orain dela urte asko enpresa bat egon zen gune horretan, eta kutsatutako lurrak daude bertan, «azterketak egin behar izan dira. Azkenean horregatik ari da gaia horrenbeste luzatzen. Urteak daramatzagu tramitazioak egiten hau errealitate bihurtzeko».
Bloke bakarra, momentuz
Epe ertainera beraz, bloke bakarra eraikiko da momentuz Muxiak eremuko sail horretan. 16 etxebizitza hartuko ditu, hiru pisutako alturan. Beheko solairuak ere etxebizitzak izango dira, atzealdetik lorategi baterako irteera izango dutenak.
Behin erosle posibleen zerrenda itxita partzela enkantera ateratzea izango da hurrengo pausoa. Promotore pribatuek euren eskaintzak egiteko 15 bat eguneko tartea izango dute eta udalak egokien ikusten duenari salduko dio partzela hainbat baldintzak zehaztuta: «Etxebizitzen salmenta prezioa udalak ezarriko du, eraikitzeko denborak udalak zehaztuko ditu eta komerzializatzeko baldintzak ere udalak jarriko ditu», zehaztu du alkateak.
Hala, azken puntuari dagokionez, etxebizitzen merkaturatzeak ondorengo lehentasun hurrenkerak errespetatu beharko ditu. 2024an Ormaiztegiko Udalaren etxebizitza eskatzaileen erroldan izena emandako herritarrek izango dute lehentasuna, baldin eta etxebizitza erosteko beharrean jarraitzen badute. Bigarrenez, etxebizitza eskatzaileen erroldan izena eman berri duten pertsonak leudeke, Ormaiztegin erroldatuta daudenak edo egon direnak. Eta azkenik, Ormaiztegin erroldatuta egon ez, baina ohiko etxebizitzarik ez duten pertsonak.
Zozketa eskatzaileen artean
Behin izena emateko epea amaituta, eskatzaileen kopurua eskainitako etxeena baino handiagoa bada, lehen zozketa bat egingo da. Gainera, itxaron zerrenda bat ere sortuko da hutsegiteak betetzen joateko edo etorkizuneko sustapenak betetzeko. Izen ematea telematikoki egin behar da Udalaren Erregistro Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza eskatzaileen erregistroan izena ematea atalean. Ormaiztegiko udaletik jakinarazi dutenez, informazio gehiagorako udaletxera gerturatu daiteke ostegunetan 12:00etatik 15:00etara.













