Ordizientzia zikloko lehen hitzaldia, ostiralean Javier Armentiarekin
Beste bi hitzaldi eta emakume zientzialariei buruzko erakusketa bat izango dira aurtengo zikloan.
Lemniskata Goierriko zientzia sare herrikoiak Ordizientzia zikloa antolatu du aurten ere. Hiru hitzaldi izango dira urrian; ostiralean da lehenengoa: Javier Armentia zientzialari eta zientzia dibulgatzaile gasteiztarraren Marchando unos eclipses! hitzaldia, 19:00etan, Barrenan. Armentia astrofisikan trebatua da. Ikertzaile eta irakasle izan zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean 1984 eta 1990 artean, eta Iruñeko Planetarioa zuzendu du 1990etik 2024ra. Pentsamendu Kritikoaren Aurrerapenerako Elkartearen buru ere izan da.
Lemniskatak azaldu duenez, Marchando unos eclipses! hitzaldian eklipseen historian barrena bidaiatuko dute entzuleek. «Zortzi hilabete pasatxori begira; izan ere, 2026ko abuztuaren 12an eguzki-eklipse oso bat ikusi ahal izango dugu gure lurretatik, Iberiar Penintsulan lanpetuta izango gaituen hainbatetatik lehena. Nola prestatu?».
Urriaren 17an, aldiz, Oskar Gonzalez Mendia kimikari eta kimika analitikoan doktore laudioarrak Margo paleta baten barrena: olio pinturaren kimika gaia izango du hizpide, 19:00etan, Barrenan. Batetik, pigmentuez hitz egingo du; bestetik, olio-pintura sortzeko olioek izan behar dituzten ezaugarriez ariko da; eta azkenik, denborarekin pintura mota horrek izan ditzakeen aldaketa kimikoak eta horien ondorioak aztertuko ditu. Hainbat urtez Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea izan ondoren, Arte Ederretako Fakultateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduan irakasten du orain.
Urriaren 24an izango da hirugarren eta azken hitzaldia. Asier Gomez Olivencia paleontologo eta giza eboluzioan espezializatutako doktore barakaldoarrak Neandertalak: Euskal Herriko lehenengo biztanleak. Teknika eta aurkikuntza berriak hitzaldia eskainiko du. Aztarnategiak dira Gomezen bulegoa. Museoetako fosilak eta Atapuercako (Burgos, Espainia) aztarnategiak ikertuz, neandertalen arrastoari tiraka ibili da; historiako lehen hilketari buruzko ikerketan parte hartu du, baita neandertalen hilobien aurkikuntzan ere. Gainera, DNA nuklearraren bitartez neandertalen informazio gehiago lortzeko lanean ari da, fosilak erabili gabe.
24 emakume
Horrez gain, urriaren 20tik azaroaren 2ra bitartean 24 emakume, zientzia, arte eta letretan erakusketa jarriko dute Nikolas Lekuona plazan. Emakumeek jakintzaren arloetan egiten duten lana aldarrikatzea da helburua.













