Zepaiko behin behineko plan partziala aurkezteko bilera
Etxebizitzen beharrari buruzko azterketaren emaitzak aurkezteko bilera, iraila amaieran Idiazabalen.Idiazabalgo Udala Idiazabalgo Udalak Zepai eremuko plan partzialari buruzko bilera irekia deitu du ostegunerako, 18:00etan udaletxean. Lehendabiziko bilera hau, Zepaiko bizilagunei zuzenduta dago. Udalak egina duen behin behineko plan partzialak epe ertainean, eremu horretan eraikiko diren etxebizitzen hasierako proiektua jasotzen du. Bilera honetan, bertako bizilagunei hasierako proiektuaren berri eman nahi zaie, eta bide batez, euren iradokizunak eta kezkak jaso nahi dituzte.
Idiazabalgo Udalak eta IKEI aholkularitzak egindako azterketak, argi utzi zuen herrian etxebizitza berrien beharra dagoela. Udalak dagoeneko hainbat bide dauzka irekita, bai Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietate publikoarekin, eta baita beste erakunde batzuekin nahiz promotore pribatuekin ere. Martxan jartzen lehena, ordea, Zepaikoa izango da, sektore horren gehiengoa udal jabetzako lurrak baitira.
Zepain etxebizitzak eraikitzen hasteko lehen pausoa, ZE.03 sektoreko plan partziala onartzea izango da. Zirriborro bat lantzen hasita dago udala, baina orain, eremu horretan interesa izan dezaketen herritarrekin bildu nahi da, haien beharrak ere kontuan hartuz, proiektuari denen artean forma emateko.
Iñaki Alberdi alkateak azaldu duenez, “plan orokorrean aurreikusita dago eremu hori etxebizitzak egiteko bideratzea, baina orain plan partziala egin beharra dago, zenbat etxe eta nolakoak izango diren zehaztuz”. Paisaje Transversal enpresaren laguntzaz oinarrizko ordenamendu bat egin da; bertan, etxebizitza pribatu, tasatu eta babesekoen kopurua, gune berdeak eta bestelako zerbitzuak aurreikusten dira. “Herritarrek planoa ikusi eta haien ekarpenak eta proposamenak egitea nahi dugu orain”.
Udalak, gaiaren inguruan interesa duten herritar guztiei luzatu die bertan parte hartzeko gonbitea.













