2026ko aurrekontua nola inbertituko den jakinarazi du Lazkaoko Udalak
203 herritarren bozkak erregistratu dira; horietatik 174 baliodunak. Ingurumenera eta udal azpiegituren berrikuntzetara bideratuko da. 100.000 euroko aurrekontua esleitu da horretarako.
Itzalguneak jarriko dituzte aire zabaleko igerilekuan. Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak amaitu du 2026ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bozketaren fasea, eta jakinarazi du zeintzuk izango diren aurrera eramango diren hiru proiektuak, herritarren ustez lehentasun handiena dutenak: zuhaitz eta landareen landaketa gune berdeetan, itzalguneak jartzea estali gabeko igerilekuan eta Hirigoien auzoko haur parkeko zorua berritzea. Udalak 100.000 euroko aurrekontua esleitu du hautatutako ekimen horietarako.
Herriaren partaidetza
Hautaketa prozesua herritarren proposamenen bilketarekin hasi zen, eta 137 ideia jaso ondoren, azterketa tekniko baten bidez hautaketa egin eta bederatzi proiektu bideragarritara murriztu zen zerrenda. Lazkaotarrek bideragarrienak iruditzen zitzaizkien hiru proiektuak hautatzeko aukera izan zuten irailaren 30era arte luzatu zen bozketa fasearen bitartez. Denera, 203 boto jaso ziren; horietatik 91 emakumeek eman zituzten, eta 83, berriz, gizonek. Eta beste 29 boto baliogabetu ziren behar bezala beteta ez zeudelako.
Bozketako aukeren artean izan zituzten, besteak beste, espazio publikoak hobetzea, aisialdirako azpiegiturak sortzea edo mugikortasun jasangarria sustatzea. Hala, herriko gune berdeetan landare eta zuhaitzen landaketak, aire zabaleko igerilekuan itzalgune gehiago jartzeak eta herri amaieran kokatzen den Hirigoien auzoko haur parkean zorua berritzeak jaso dute boto kopuru gehien.
Gainerako proposamenak, berriz, ordena honetan geratu dira: Joxemiel Barandiaran Udal Kiroldegian kirol-makina edo tresneria gehiago jartzea; herriko plaza nagusian banku gehiago jartzea; hiriguneetan hartu diren bide-segurtasun neurriak auzoetara zabaltzea, hala nola semaforoak eta altxatxeak; auto elektrikoentzako karga-puntuak instalatzea; San Prudentzio auzoan iturri bat jartzea; eta bizikletentzako aparkalekuen estalkia jartzea, hurrenez hurren.
Proposamenen gauzatzea
Orain, prozesu parte-hartzailearen azken urratsa egitea dagokiola onartu du Lazkaoko Udalak: herritarren boto gehien jaso dituzten proposamenak gauzatzea. Bestalde, eskerrak eman dizkie proposamenak egin eta botoak eman dituzten herritarrei, eta berretsi du prozesu honek, berriz ere, «agerian» utzi duela «lazkaotarren konpromiso sendoa» udalerriaren hobekuntzarekin.













