Astelehenetik martxan da berriz ere Lazkaoko Irakurle Talde Feminista
Hilean behin elkartuko dira; hurrengoa azaroaren 3an da.
Iaz egindako Irakurle Taldeko saioetako bat. GITB Irakurketa feministaren ziklo berriari ekin diote astelehenean Lazkaon, ikasturte berriarekin batera gogoeta kolektiborako, elkarrizketarako eta ikasketa partekaturako gunea eskainita. 2021eko abenduan martxan jarritako ekimena da Lazkaoko Irakurle Taldea, Jabekuntza Eskolatik eta udaleko Berdintasun Sailetik herrian hiruzpalau saioko dinamika bat abian jartzea proposatu zenean. Herritarren artean interesa bazela ikusi zutenean, dinamika hari segida ematea erabaki zuten, Irakurle Talde Feminista gisa errotuta.
Ordutik, hilean behin elkartzen dira, urritik ekainera bitarte, eta dagoeneko ezarri dituzte hilabeteroko saioak. Astelehenean egin zuten aurrenekoa, urriaren 6an, eta hemendik aurrerakoak ere hilabete hasieretan egingo dituzte: azaroaren 3an, abenduaren 1ean, urtarrilaren 12an, otsailaren 2an, martxoaren 2an, apirilaren 13an, maiatzaren 4an eta ekainaren 1ean. Adin-tarte guztietako herritarrei irekita dago, baina bertaratu nahi duenak, aurrez izena eman beharko du, udaletxera bertaratuta edo erregistro bidez.
Irakurzaletasunari tira
Helburua da, besteak beste, genero-desberdintasunen inguruko ikuspegi kritiko eta aberasgarriagoa sustatzea, pentsamendu berriak elkarbanatzeko eta parte-hartze aktiboa bultzatzeko «espazio ireki eta plurala» sortuta. Hala, kontzientzia feminista astindu nahi dute, euskal kulturatik feminismoaz pentsatu eta hausnartzeko «trukerako espazio bat» sortuta.
Iratxe Retolaza da saio horien gidaria. Ikasturte hasieretan irakurgai-proposamenak eramaten ditu, baina gerora, taldeko kide guztien artean adosten dituzte taldearen nondik norakoak. Idazle gonbidatuak ere izaten dituzte hainbat saiotan: iaz, besteak beste, Uxue Alberdi eta Yolanda Arrieta izan zituzten, bi idazle horien liburuak izan zituztelako hizpide.













