Igartubeiti baserriaren arkitekturan sakontzeko familientzako saioa, bihar
Saio hau Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolatu dute.
Igartubeiti baserria, Ezkion. Hitza Igartubeiti baserri museoan 24. Sagardoaren Astea ari dira ospatzen urriaren 18ra bitartean. Sagardoaren Asteko ohiko programazioaz gain, Ondarearen Europako Jardunaldiekin ere bat egin du aurten eta bihar, larunbata, Iraganeko eraikuntzak etorkizuna sortzeko familientzako saioa antolatu dute Maushaus laborategiarekin elkarlanean.
Arkitektura da aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietarako aukeratutako gaia eta horren haritik, biharko saioa Igartubeiti baserriaren arkitekturan oinarrituko da. Arkitektura funtzionaltasun hutsa baino gehiago dela diote, tokiko historiaren, kultur nortasunaren, memoria kolektiboaren eta ondarearen kontserbazioaren sinbolo ere baden aldetik.
Saioari 16:30ean emango zaio hasiera interpretazio zentroan. Haur bakoitzeko prezioa 3 eurokoa da eta izena emateko 943 72 29 78ra deitu edo igartubeiti@gipuzkoa.eus-era idatzi behar da.













