Kilometroak 2026 lekukoari ongi etorria emateko Kantujira egingo dute bihar
10:30ean Beneditarren artxibo paretik hasita, herriko plazarainoko bidea egingo du lekukoak. Ikastolako ordezkariek zein herritarrek ongi etorria egingo diote plazan.
Lazkaotarren artean da 2026ko Kilometroen lekukoa. San Benito ikastola Salto-saltoka lelopean Kilometroen jaia ospatu zuten Elgoibarren iragan igandean eta dagoeneko lazkaotarren artean da egun horretarako lekukoa; igande goizean jaso zuen San Benito ikastolak Elgoibarko ikastolaren eskutik, eta jaialdiaren 50. edizioa hartuko du bere gain 2026an. Lekuko horri merezitako ongi etorria egiteko, ikastolako ikasle, irakasle eta herriko eragileek lankidetzan, Kantujira berezia egingo dute bihar goizean.
10:30etarako egin dute hitzordua, eta Beneditarren artxibo paretik hasita, herriko plazarainoko bidea egingo du lekukoak. Izan ere, aurtengoa Kantujira berezia izaten ari da; hamar urte betetzen ditu, eta ospakizun modura ostiralero ikastolako ikasle eta irakasleak herriko plazara ateratzen dira, herritarren laguntzarekin euskarazko abestiak kantatzera. Urteurren horren barruan, are eta bereziagoa izango da biharkoa; behin lekukoa plazara iritsitakoan, Kantujira berezia ospatuko da, eta ikastolako ordezkariek Lazkaoko herriari azalduko diote zeintzuk dire datorren urteko jaiaren helburu nagusiak.
2003an ere Lazkaon
1977an Beasain eta Lazkao artean ospatutako lehen ediziotik 50 urte igaro direla ospatzeko edizioa izango da. 2003an ere ospatu zen Lazkaon, baina urteurren borobil horrek “izaera berezia” emango dio datorren urtekoari.













