Zaldibiako kirol ikastaroetan izena eman daiteke dagoeneko
Urriaren 15a da izena emateko azken eguna.
Kultur etxera joanda eman daiteke izena. Zaldibiako Udala Ikasturtearekin batera, aurtengoan ere hainbat kirol ikastaro antolatu ditu Zaldibiako Udalak urritik ekainera bitartean: Pilates eta Hipopresiboak ostiraletan 15:30etik 17:00etara, Hirugarren Adineko Mantenimendua asterarte eta ostegunetan 09:15etik 10:15era, eta Buru eta Gorputz Estimulazioa astelehenetan 09:30etik 11:00etara. Horietara bertaratu nahi duenak, baina, izena eman beharko du aurrez kultur etxean dagoen izen-emate orria beteta.
Urriaren 15a baino lehen
Urriaren 15a izango da horretarako azken eguna. Izan ere, urriaren 21eko astean hasiko dira saioak, aipaturiko ordu eta egunetan. Prezioari dagokionez, aurreko ikasturtekoekin alderatuta ez da igoerarik izango: hilean 25 euro ordainduko dute Pilates ikastaroetakoek, eta 15 euro, berriz, Hirugarren Adineko Mantenimenduan aritzen direnek. Azken tailerra, berriz, Beti Gazte elkarteak antolatuko du eta Maitane Iturrioz izango da irakaslea. Hasierako data zehaztu gabe dute oraindik, baina izena eman nahi dutenek zuzenean Beti Gazte Elkarteko arduradunekin jarri beharko dute harremanetan. Informazio gehiago nahi duenak, udalera ere jo dezake.













