Lazkao Fashion Week desfilea, tokiko merkatariei ikusgarritasuna emateko
San Migel elizaren ondoan egin dute hitzordua, 18:00etarako. Udalerriko saltoki eta sortzaileekin elkarlanean antolatu du ekimena Iñigo Aranburuk.
Iñigo Aranburu estilista lazkaotarra.Hitza Ekitaldi berezi eta ezohiko bati egingo dio harrera gaur arratsaldean Lazkaok: Lazkao Fashion Week ekimenaren aurreneko edizioa egingo dute, Iñigo Aranburu Garmendia lazkaotarrak bultzatuta. Moda arloko topaketa honek tokiko merkataritza, sorkuntza eta diseinua oinarri hartzen ditu, eta udalerriko saltoki, diseinatzaile eta sortzaileekin lankidetzan antolatu da. Haiek izango dira, hain zuzen, ekitaldiaren protagonista nagusiak eta ikusleek ezagutuko dituzten joera berri guztien sortzaileak.
San Migel elizaren ondoan jarri dute hitzordua, 18:00etarako, eta bertan aurkeztuko dira bat egin duten udalerriko saltokien moda, osagarri, estetika eta diseinuko azken proposamenak. Ekimen honek helburu argia du: Lazkaoko merkataritza eta zerbitzuen eskaintza sustatzea zein ikusgarritasuna ematea, eta baita inguruko enpresa sarea indartu eta herriko ekonomia dinamizatzea ere. Eguraldiak lagunduko ez balu, ekitaldia frontoian izango litzateke, espazio egokitu eta estalian.
Merkatari ugari
Zentzu horretan, ekimenak tokiko establezimendu ugari bilduko ditu: arropa eta osagarri dendak, ile-apaindegiak, estetika zentroak, optikak eta beren produktuak zein zerbitzuak erakusteaz arduratuko diren diseinatzaile eta sortzaileak, hala nola Eider Luna (ile apaindegia), Garaiz (moda), Arriaran (mertzeria), Leire (osagarriak), Ana Cristina Olano (ile apaindegia), Manako (moda) edo Xanu (moda) saltokiak.
Era berean, herritarrek ere izango dute parte hartzeko aukera: borondatez izena eman duten bizilagunek pasarelan desfilatuko dute, tokiko eskaintza ordezkatzen.
Lazkaoko Udalak, ekimenaren gainontzeko antolatzaileekin batera, bertaratzeko gonbidapena luzatu die herritar guztiei, tokiko merkataritzaren eta diseinuaren azken joerak bertatik bertara ezagutzeko eta ekitaldi kultural zein sozialaz gozatzeko ere. Udalak azpimarratu du, gainera, Lazkao Fashion Week ekimenak plaza nagusitik harago udalerriko beste hiri espazio batzuk aktibatzeko eta biziberritzeko helburua ere baduela, herriko eremu publikoak kultura eta jarduera ekonomikoaren topaleku bihurtuta.













