Kortariak irabazi du Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa
Beñat Egaña mutrikuarra gelditu da txapeldun orde; Eneko Goiburu segurarra hirugarren; eta laugarren, Arabako La Leze gaztandegia. Iker Sukiak mendiko gaztaren lehiaketa herrikoia irabazi du.
Kortariko gaztandegiko kideak. Egun borobila ospatzen ari dira Idiazabalen. 42. Euskal Herriko Artzain Gazta txapelketa eta Baserritarren eguna dute gaurkoa, baita Gipuzkoako Alboka topaketa ere. Eguraldi apartarekin, jendetza bildu da Idiazabalgo plazan, gaztandegi desberdinetako gaztak dastatzera. Ondoren, 14:00ak aldera txapelketako sari banaketari ekin diote. Kortaria gaztandegiak jantzi du aurten txapela eta Beñat Egaña mutrikuarra gelditu da txapeldun orde, Goienetxe markako gaztarekin. Hirugarren postua Eneko Goiburu segurarrak eskuratu du, Ondarre markarekin. Laugarren, berriz, Arabako La Leze gaztandegia gelditu da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkapenik onenak lortutako 40 bat gaztagilek hartu dute parte lehiaketan. Bestalde, herritarren artean egindako mendiko gaztaren dastaketan, Iker Sukiaren gazta izan da gustukoena.
Txapelketaz gain, Baserritarren egunaren baitan, bestelako jarduera ugari egin dituzte. Herriko ganaduen azoka ikusteko aukera izan da goiz osoan zehar, eta 13:00etan artalde bat ere pasa da herritik. Ganadu erakusketan, ardiak, ahuntzak, behorrak eta behiak jarri dituzte, baserrietan egiten duten lana balioan jartzeko asmoz. Gainera, ume jolasak, mendiko gaztaren lehiaketa herrikoia, gaztaren elaborazio erakustaldia eta herri kirolak ere egin dituzte, besteak beste.
Gainera, lehen aldiz, Idiazabalek hartu du Gipuzkoako 4. Alboka topaketa. Albokaren tradizioa mantentzeko eta jendeari musika hori erakusteko helburuarekin antolatu du beste urte batez Gipuzkoako Albokarien elkarteak.













