ARGAZKIAK ETA BIDEOA. CAFeko langileek Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrari babesa eman diote
Gaueko zein goizeko txandetan "erabateko" jarraipena izan du lanuzteak Beasainen. Bideoa eta argazkiak, albistean.
CAFeko langileak Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorragatik lantegitik ateratzen.Ariane Vierbücher Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorrak jarraipen handia izan du Beasaingo CAF enpresan. Langileen %71ak lanuzteari baiezko bozka eman zioten. LAB sindikatuak bere sare sozialen bidez zabaldu duenez, “gaueko erreleboan erabatekoa izan da lanuztearen jarraipena”. Eguerdiko mobilizazio nagusira bideratzeko informazioa banatu dute, Donostiako manifestaziora joateko deia eginez.
Goizeko txandan ere lanuzteak oihartzun zabala izan du, eta lantegiko sarrera-irteera nagusietan mugimendu handia egon delarik. Bai Lazkaibarren, bai Senperen auto ilara luzeak sortu dira.
Jerusalemgo trena
CAFeko langileen batzordeak behin eta berriz salatu du enpresak Israelgo tren arinaren proiektuan parte hartzen jarraitzen duela, “Palestinako herriaren okupazioarekin zuzenean lotuta dauden azpiegiturak” eraikiz. Batzordearen esanetan, “enpresak ez luke parte hartu behar giza eskubideak urratzen dituzten proiektuetan, eta nazioarteko presioaren aurrean konpromiso argia hartu behar du”.
Langileen arabera, “elkartasunaren eta erantzukizunaren ariketa” da gaurko lanuztea, eta gogorarazi dute Palestinako egoerak “isiltasunaren eta negozioaren” aurrean erantzun soziala behar duela.
Jarraian, goizeko txandaren lanuzteak izandako erantzuna, bideoan eta argazkietan:













