ARGAZKIAK ETA BIDEOA. ELAk Israeli boikota egiteko deia egin du Beasainen eta Legazpin
Beasaingo Loinazko San Martin plazan eta Legazpiko Euskal Herria plazan elkarretaratzeak egin ditu gaur eguerdian.
ELAk deituta elkarretaratze jendetsua egin da gaur eguerdian Beasaingo Loinazko San Martin plazan.Iñaki Gurrutxaga ELA sindikatuak bere kabuz deitutako lau orduko lanuzte deialdia egin du gaurko. Goierrin bi elkarretaratze deitu ditu: Beasaingo Loinazko San Martin plazan 12:00etan, eta Legazpiko Euskal Herria plazan ordu erdi beranduago. Beasainen hainbat lema oihukatu dituzte, Legazpikoa isila izan da.
Sindikatuaren iritziz “premiazkoa” da Israelgo armada Gazako biztanleen aurka egiten ari den erasoak bukatzea, eta laguntza humanitarioa berehala eta masiboki sartzeko aukera ematea. “Horretarako presioa eragiten jarraitu behar da, harik eta israeldar gobernuak baldintza horiek oso-osorik bete arte”.
Mobilizazioei eustea “ezinbestekoa” dela dio ELAk: “Euskal langileriak erakunde eta enpresak estutu behar dituzte genozidioa geldiarazteko eta apartheid sionistaren eta palestinar lurraldeen okupazioaren amaiera lortzeko neurriak har ditzaten”.
“Erabateko boikota Israeli”
ELAren ustez Euskal Herrian agerian utzi du Palestinaren alde mobilizatzeko duen indarra, eta “mezu argia” eman da: “Ezin zaio Israeli ezer erosi, ez saldu. Gurean mobilizazioaren helburua da Israeli erabateko boikota ezartzea. Mezu hau ELArentzat funtsezkoa da”.













