IDENTIFIKAZIOAK. Ertzaintzak CAF enpresako LABeko bost ordezkari identifikatu ditu
Palestinaren aldeko ekintzen harira izan da gertakaria. Sindikatuko kideek salatu dute tentsio uneak izan direla Beasaingo lantegian banderak jartzen ari zirenean, eta lanuzte eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
LABeko kideak Palestinako banderak jartzen.CAF-LAB Urriaren 15eko Palestinaren aldeko Lanuzte Orokorraren harira, Beasaingo CAFeko LAB sindikatuko ordezkariek salatu dute goizeko lehen orduan Ertzaintzak bost delegatu identifikatu dituela enpresaren inguruan Palestinako banderak jartzen ari zirenean. Sindikatuaren arabera, “tentsio uneak eta atxilotze mehatxuak” izan dira gertakarian zehar.
LAB-CAF sail sindikalak sare sozialen bidez zabaldu du gertatutakoa, eta azaldu du ia ordu batez bertan egon ondoren, ertzainek bost ordezkari identifikatu dituztela, eta ondoren alde egin dutela. “Gure asmo bakarra gaurko lanuzte orokorraren eta Palestinako herriaren aldeko elkartasuna adieraztea zen”, adierazi dute.
LABek salatu du gertatutakoa “neurrigabeko polizia jarrera” izan dela eta azpimarratu du “langileen askatasun sindikala eta adierazpen eskubidea errespetatu” behar direla. “Langileok Palestinarekin bat eginda, gure elkartasuna adierazten jarraituko dugu”, gaineratu dute.
CAF enpresan Lanuzte Orokorrak izan duen erantzunari dagokionez adierazi dute langileek “erabateko” babesa eman diotela Palestinari. Bide batez, arratsaldean, 19:30ean, herri guztietan mobilizazioak egingo direla-eta parte hartzeko deia egin dute.













