Goierrin ere Palestinaren aldeko mobilizazio zabala espero da
Sindikatu guztiek lanuzteak eta protestak deitu dituzte gaurko. CAFen, Indar-en edota Jason lanuztea egingo dute langileek. Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, elkarretaratze baketsua egin zuten ekainean dozenaka herritarren CAF lantegiaren aurrean, Beasainen, akziodunen batzarra baliatuz protesta egiteko.Tere Madinabeitia Palestinaren aldeko elkartasun eguna izango da gaurkoa Hego Euskal Herrian, sindikatu nagusiek deitutako Lanuzte Orokorraren barruan. Bake negoziazioak hasita badira ere, sindikatuek mobilizazioei eutsi diete, «sarraskia amaitzeko eta bidezko akordio bat lortzeko» helburuarekin.
LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek, hiru orduko lanuzteak proposatu dituzte; 03:00-06:00, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 artean. ELA sindikatuak, berriz, lau orduko lanuzteak deitu ditu. Hezkuntza salbuespena izango da: sektore horretan egun osoko grebara deitu dute eta parte hartzera gonbidatu dituzte irakasleak, jangeletako langileak eta garraiolariak.
Goierrin, industria sektoreko enpresa nagusietan lanuzteak egingo direla aurreikusten da. CAF, Indar eta Itsasondoko Jaso enpresetan esaterako, lanuztea egingo dute langileek eta mobilizazioetara batuko dira.
ELA sindikatuak, 12:00etan deitu du mobilizazioa Beasaingo udaletxeko plazan, eta 12:30ean, Legazpiko udaletxe aurrean egingo dute elkarretaratzea. Lehenago baina, 11:15 aldera, Legazpiko industrialdeko errotondan hango enpresetako batzordeek mobilizazioa egingo dute.
Beste sindikatuek –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta HIRU–, 12:30erako deitu dute hiriburuetako mobilizazioetara.
Arratsaldean, berriz, Gernika Palestina Herri Ekimenak deituta, herrietako plazetan izango dira mobilizazioak. Plazak jendez betetzea espero da, burrunba handia izatea da nahia, Palestinarekin konpromisoa. Genozidioa STOP! Haustura Israelekin, orain! lelopean. Goierrin, herri gehientsuenetan egin dituzte deialdiak. Beasainen, Legorretan, Ordizian, edota Urretxu eta Zumarragan, 19:30ean egingo dira elkarretaratzeak. Seguran, lehenago egingo dute, 19:00etan. Sindikatuen esanetan, «grebak eta lanuzteek Palestinako herriaren aurkako eraso etengabea salatzeko eta erakundeei Israelekin dituzten harreman ekonomiko eta politiko guztiak eteteko balio behar dute».
Gutxieneko zerbitzuak
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak greba egunean mantendu beharko diren gutxieneko zerbitzuen berri eman du. Osasun arloan, ospitaleek jaiegun bateko langile kopuruarekin lan egingo dute, larrialdiak, onkologia eta dialisi tratamenduak, eta ospitaleratutako pazienteen arreta bermatuz. Lehen mailako arretan larunbat bateko zerbitzuak eskainiko dira, eta larrialdiek %100ean funtzionatuko dute.
Hezkuntzan, zentro guztiak irekita egongo dira eta zuzendaritzako kide bat, atezain bat eta irakasle bat egongo dira gutxienez etapa bakoitzeko. Garraio publikoak, berriz, zerbitzu arrunten %30 mantenduko du greba orduetan, osasun eta lan zentroetako lineei lehentasuna emanez.
Gizarte zerbitzuetan ere bermatuko dira mendekotasun handiko pertsonentzako arreta eta telelaguntza zerbitzuak, eta etxez etxeko laguntza soilik jasoko dute mendekotasun handiena duten erabiltzaileek.
Herri mailako zerbitzu publikoetako langileek ere lanuzteak egingo dituzte, hala nola, udaletxeetan, kiroldegietan edo liburutegietan.
Euskal Herriko sindikatuek azpimarratu dute Lanuzte Orokorra «elkartasun keinu kolektibo bat» dela eta gogorarazi dute «Palestinako langileek ere eskubidea dutela bizitza eta duintasuna izateko».













