ARGAZKIAK ETA BIDEOA. Industriako langileek ere bat egin dute lanuzte orokorrarekin
Dozenaka langile bildu dira Goierriko zenbait enpresa eta industriaguneetan egindako Palestinaren aldeko elkarretaratzeetan.
Itsasondoko Jasoko langileen elkarretaratzea.Aimar Maiz Palestinaren aldeko lanuzte orokorraren harira, Goierriko industriako hainbat enpresa eta langilek bat egin dute gaurko mobilizazioekin. ESK, CCOO eta LAB sindikatuek deituta, lanuzteak egin dituzte goizeko 11:00etatik 14:00etara, eta tarte hori aprobetxatuta, elkarretaratzeak egin dituzte industria gune batzuetan, hala nola Itsasondo eta Idiazabalgo Jaso enpresetan, GH SAT Olaberrian eta GH Salbatoren, LauLagunen, Ikaslanen eta Legazpiko eta Zumarragako industriaguneetan.
Dozenaka langile bildu dira goizean zehar egindako protestetan, eta besteen artean, Gazako genozidioa salatu eta Palestinako herri langileari elkartasuna adierazteaz gain, erakunde publikoei zein enpresei Israelekin duten harreman komertzial oro etetea eskatu dute goizean zehar egindako protestetan, baita Europako Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezatela ere.
Arratsaldeko txandetan ere egingo dituzte lanuzteak, lanaldiko azken hiru orduetan.













