‘Neandertalak’ erakusketa ikusgai, Anduetza parketxean
Azaroaren 26ra arte dago erakusketa ikusteko aukera. San Adrianen ere, Neandertalak izan zirelako ebidentziak aurkitu dituzte. Hegazti migratzaileei buruzko saio bat ere eskainiko dute.
San Adrinago kobazuloan Neandertalen aztarnategiak ikusteko bisita bat. Hitza Azaroaren 16ra bitartean, Neandertalak izeneko erakusketa ikusteko aukera dago Zegamako Anduetza parketxean. Erakusketa hau hainbat erakunderen lankidetzari esker osatu da, besteak beste, Bizkaia Arkeologia museoa, Bibat (Arabako Arkeologia museoa), Gordailua (Gipuzkoako material arkeologikoen biltegia), Nafarroako gobernua eta Arkeologia museoa.
Erakusketa honek «iragan urrun baterako bidaia» proposatzen du, eta Neandertalak benetan nortzuk ziren eta Euskal Herrian izan zuten historia «harrigarri eta zabala» argitzea du helburu. Euskal Herriko erregistro arkeologikoan bilduta dagoen materialean oinarrituta dago erakusketa, Bizkaiko Arlanpe eta Axlor edo Arrasateko Lezetxiki aztarnategietan aurkitutako ebidentzietatik hasita, Aranbaltza (Bizkaia) eta Labeko Kobako (Arrasate) azken Neandertaletaraino.
San Adriango aurkikuntza
Aipatu beharra dago, Aranzadi zientzia elkarteak duela 40.000 urte baino gehiago Neandertalak San Adriango kobazuloa okupatu zutela frogatzen duten aztarnak aurkitu dituztela azken urteetan, eta aurten ere, udan egin dituzten indusketetan norabide honetan jardun dutela lanean. Hortik, besteren artean, erakusketa Anduetzara ekarri izana.
Erakusketa honetan gizatalde horren bizitza markatu zuten mugarri kultural eta teknologikoak aztertzeko aukera era badago, hala nola, «ehiza tresnetan izandako berrikuntzak, teknologia aurreratua, tresnen miniaturizazioa, suaren domeinua, egindako lehen eraikuntzak edo adierazpen sinbolikoen jatorria». Laburbilduz, erakusketa honek ondare honi buruzko hausnarketa eragin nahi du, «ondare horretan eragiteko eta datozen belaunaldiei transmititzeko».
Erakusketa bisitatzeko aukera egongo da azaroaren 16ra bitartean, ostegunetik igandera 10:00etatik 14:00etara.
Hegazti migratzaileak
Datozen egunetarako antolatutako ekintzen artean, Euskadiko hegazti migratzaileen bitxikeriak izeneko dibulgazio saioa antolatu dute Anduetzan igande honetarako. «Migrazioa hegaztien bizitzako fenomeno harrigarrienetako bat da. Urtero, milioika hegaztik zeharkatzen dute gure lurraldea Europako umatze guneetatik negu pasarako eremuetarako bidaian», kontatu dute antolatzaileek.
Bada, fenomeno honen nondik norakoak azalduko ditu igandeko saioan Aranzadi zientzia elkarteko Maite Laso ornitologoak. Saioa doakoa da, baina izena ematea derrigorrezkoa da. 943 80 21 87an edo anduetza@gipuzkoanatura.eus-en eman daiteke izena.













