140 etxebizitza eta gune berdeak aurreikusten ditu Zepaiko plan partzialak
Plana herritarren aurrean aurkeztu eta gero, hilaren 24ra arteko epea dago orain hasierako proiektuari ekarpenak egiteko.
Zepaiko plan partzialeko hasierako proposamenk jasotzen duen proiektuaren infografia.Idiazabalgo Udala. Idiazabalgo Udalak Zepai eremuko plan partzialari buruzko bilera irekia deitu zuen pasa den astean. Bilera hartan plan partzialaren hasierako proposamena aurkeztu zitzaien herritarrei; bertan, 140 etxebizitza berri egitea aurreikusten da. Eremuak, gune berde ugari ere izango ditu. Bileran izan ziren herritarrei nahiz interesa duten guztiei, planari haien ekarpenak egiteko aukera eman zaie; hilaren 24ra arteko epea dago horretarako.
Plan partzialaren behin behineko proposamen hau Urbama etxearekin elkarlanean gauzatu du Idiazabalgo Udalak. Aurreikusten diren 140 etxebizitzak, familia anitzekoak izango dira; horietatik 88 udal etxebizitza tasatuak izango lirateke, beste 32 babes ofizialeko etxebizitzak, eta gainontzeko 20ak etxebizitza libreak: familia bakarrekoak edo bi bizitzakoak. Gune berdeei eta irisgarriei lehentasuna emango zaie, eta 10.000 metro koadro gordeko dira horretarako, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean —HAPO— aurreikusitakoaren bikoitza. Bestelako zerbitzuak eta 110 aparkaleku ere izango lituzke Zepaiko eremu berriak.
Oinezkoek lehentasuna
Auzo berriaren egituraketan oinezkoek lehentasuna izango dute, puntu garrantzitsuenak lotuko dituzten ibilbideak sortuz eta ibilgailuen abiadura murriztuz. Horrekin batera, paisaiaren gaineko eragina murriztea izango da helburu nagusietako bat, eraikitako eremuaren eta naturalaren arteko oreka bilatuz.
Udalak, proposamen hau denon artean osatzeko deia egin die herritarrei. Hala, haien ekarpenak egin nahi dituztenek, hilaren 24ra arteko epea dute; proposamenak udaletxean bertan egin beharko dira. Informazio gehiagorako eta plan partzialaren hasierako proposamena ikusteko Idiazabalgo Udalaren web gunea bisitatu daiteke.













