25 urtez herria eraikitzen
Zerain Dezagun Fundazioak 25 urte bete zituen pasa den astean. Fundazioaren sorrera gakoa izan da herriaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean, baita herriko ondareari balioa emateko orduan ere. Orain mende laurden herritarren batasunaren ikur izan zen.
Jose Antonio Ardantza lehendakaria eta Antonio Garzia Zeraingo alkatea, 1997an Zerainen.Zerain Dezagun Fundazioa Zerain Dezagun Fundazioak 25 urte bete zituen pasa den urriaren 10ean. Mende laurdeneko jardunak etorkizuneko Zerainen oinarriak finkatzeko balio izan du, fundazioaren gerizpean. Herriko alkatea da beti fundazioaren lehendakaria eta hiru entitate ditu oinarrian: Oa kultur elkartea, Zeraingo Lagunak Xaguak elkartea eta Zeraingo Udala.
Fundazioa sortu zeneko garaiari begiratuta, «herri mugimendu oso aktibo bat» zegoela azpimarratu dute Mari Flor Mendizabal, Antton Alustiza eta Jexux Ezeizabarrena sorrerako kideek. «Auzolanari esker, turismo bulegoa irekita zegoen ordurako, museoa ere bai, aterpetxea irekitzeko aukera zegoen… baina guztia ondo kudeatzea konplexutasun handiko eginbeharra bihurtu zen», diote. Fundazioaren aldeko apustua egin zuten, «etekin ekonomikorik gabeko elkarte bat delako, eta herritarren auzolana entitate berean bateratzeko aukera ematen zuelako; ez lanerako bakarrik, baita erabakiak hartzeko ere».
Fundazioak herriko baliabide naturaletan, aztarna historikoetan eta ondare kulturalean oinarritutako proiektuen bidez, ikuspegi sozial, kultural eta ekonomikotik Zeraingo herriaren garapena bultzatzeko helburua du. Fundazioa «antolaketa edo gobernantzarako tresna bat» da finean: «Zerain ez litzateke izango gaur dena fundaziorik gabe».
Herriko ondarea
Gaur egun, fundazioak kudeatzen du Zeraingo ondarea turismo bulegoaren bitartez: museo etnografikoa, eliza, bolatokia, XVIII. mendeko kartzela, Larraondoko zerrategia eta Burdinaren mendia. Goierriko lehenengo enpresa turistikoa —Aldabe— Zerainen sortu zen, are Goierriko turismoa Zerainen sortu zela azpimarratu du Mendizabalek. «Turismoari esker gaur egun bi taberna ditugu Zerainen, bi nezakal turismo, sagardotegi bat —orain gutxi arte bi izan dira— eta gazta egiten duten lau artzain; hori gabe herri honek ez dauka oinarririk hori guztia mantentzeko», gehitu du.
Turismoa, hain zuzen, fundazioak kudeatzen duen esparruetako bat da, baina ez bakarra. Ondare immateriala ere aipatu du Arantzazu Gereñu Zeraingo alkate eta fundazioaren lehendakariak, «gure kasuan euskarak du garrantzi berezia». Zentzu horretan, 2020an Euskal Girotze barnetegiaren egoitza Zeraingo udalerrian kokatzeko hitzarmena sinatu zuen fundazioak Eusko Jaurlaritzarekin, «honi esker, Zerain euskararen eta euskal kulturaren sustapenaren erreferente bihurtu da; gainera, bultzada ekonomiko eta sozial handia ekarri dio herriari». Fundaziotik bestelako beharrei ere erantzun nahi zaie, eta 2020tik errealitate bat da «gazteen eta adinekoen beharrei erantzuteko etxebizitza sozialen proiektu ausarta». Fundazioaren gerizpean egiten den ekimen ezagunenetakoa da, bestalde, aurten 31 urte bete dituen Zeraingo azoka ekologikoa.
Mugarri nagusiak
Fundazioaren sorrerak iraultza suposatu zuen Zerainen, baina kanpora begira erreferente ere bihurtu zen. Aizpeako meatze gunearen proiektua sustatze aldera kultur ondarearen nazioarteko jardunaldi bat ospatu zuten Zerainen, Frantzia eta Greziako beste ordezkari batzuekin elkarlanean. Telebistara ere gonbidatu zituzten eta zuzenean kontatu zituzten fundazioaren nondik norakoak Andoni Aizpuru gabiriarrak gidatzen zuen telebista saioan. Une berezienetako bat izan zen, Alustizaren ustez, 1997an Jose Antonio Ardanza orduko lehendakariak Zerainera egindako bisita. Mari Karmen Garmendia Kultura sailburua; Jabier Retegi Industria eta Ekonomia sailburua eta Roman Sodupe Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izan ziren, Antonio Garzia Zeraingo alkatearekin batera.
Orain 25 urte «erabateko batasuna» egon zen herritarren artean; «proiektuarekiko konfiantza erabatekoa izan zen, hori da herri giro positibo batekin lortu daitekeenaren adibideetako bat», dio Alustizak. Gaur gauzak asko aldatu dira, «Zerainen gurea baloratzetik nirea baloratzera pasatu gara arlo askotan. Herriko jardunean interes politikoak sartzea ere aldaketa handia izan da».
2015ean irabazi zituen udal hauteskundeak EH Bilduk eta ondorioz, «fundazioaren jarduerari buruz ezaguera gutxi zuten kide berriak sartu ziren patronatuan», diote koalizioko iturriek. Aurreko patronatuaren aldetik «transmisiorik eza» ere egon dela nabarmendu dute, baina ordutik fundazioak aurreko aldian abian jarritako proiektu guztiak «mantentzen eta zaintzen» jarraitu duela diote, baita «proiektu berriak garatzen» ere.




















