Adinekoen bazkarirako izen ematea irekita, astelehenera bitarte
Ezkioko adinekoen bazkaria urriaren 26an ospatuko da Argindegi ostatuan.
Argindegi ostatua Ezkion. Hitza Urtero, adinekoei elkartasuna adierazteko herri bazkaria antolatzen du Ezkioko Udalak. Aurtengo adinekoen bazkaria datorren urriaren 26an izango da, igandea. Ezkioko Argindegi ostatuan egingo dute, 14:00etatik aurrera.
Zizka mizkekin hasiko dute otordua: urdaiazpiko eta zainzuriak bi saltsetan, onddoen hostopila eta arrain zopa. Bigarren plateren artean aukeratzeko: legatz frijitua, legatza labean, arkume errea eta azpizuna plantxan. Postrea: pantxineta izozkiarekin. Edaria eta kafea barne, menuak 46 euroko prezioa du, 65 urtetik gorakoentzat 23 euro. Bazkarian izena emateko epea irekita dago, urriaren 20ra arte. Udaletxean eman daiteke izena, 943 72 13 03 telefonoan. Izena ematerakoan bigarren platera aukeratzea eskatu dute antolatzaileek.
Ezkioko Udaletik adierazi dutenez, norbaitek ostatura gerturatzeko arazorik izango balu, udaletxean jakinarazi eta etxera joango zaizkio bila.













