EH Bilduk proposamen fiskalak egin ditu Beasainen etxebizitza eta kohesioa hobetzeko
Etxebizitza hutsentzako errekargua, tasa progresiboak eta genero-ikuspegia fiskalitatean txertatzea proposatu ditu EH Bilduk.
Beasaingo EH Bilduren zinegotziak, gaur arratsaldean egin duten agerraldian.Ariane Vierbücher Beasaingo EH Bilduk datorren urteko ordenantza fiskaletarako proposamenak aurkeztu ditu, hiru helburu nagusi jarrita: etxebizitzaren eskuragarritasuna hobetzea, gizarte-kohesioa sendotzea eta genero-berdintasuna sustatzea. Koalizio abertzaleak adierazi duenez, ordenantza fiskalak “herritarrek udal zerbitzu eta zergetan ordaindu beharrekoa definitzen duten tresna nagusia” dira, eta, ondorioz, udal politikaren norabidea zehazteko funtsezkoak.
EH Bilduren proposamenen artean nabarmendu dute etxebizitza hutsentzako %150eko errekargua ezartzea, etxebizitza horiek merkatura bideratu eta eskaintza handitzeko asmoz. Aldi berean, alokairu publikoaren programetan parte hartzen duten etxebizitzei hobariak eskaintzea proposatu dute, “etxebizitzaren eskuragarritasuna hobetzeko eta etxebizitza duina bermatzeko”.
Bestalde, tasa eta zergetan progresibitatea aplikatzeko neurriak ere aurkeztu dituzte. EH Bilduren arabera, helburua da “herritarren arteko ezberdintasunak murriztea eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea”. Horretarako, musika eskolan egin den bezala, diru-sarreren arabera hobari-sistema zabaltzea planteatu dute beste udal zerbitzu batzuetara, hala nola kiroldegira edo zinemara.
Hirugarren ardatz gisa, genero ikuspegia fiskalitatean txertatzea proposatu dute. Zerga-sistemak genero-arrakalan duen eragina aztertzeko, generoaren araberako datu bereizketa egitea eskatuko dute.
Koalizioak gogorarazi du azken urteotan hainbat proposamen aurrera ateratzea lortu duela, besteak beste, sortze-araberako hondakin-tasa, Musika Eskolako hobariak edo euskara ikasteko doakotasuna. “2026ko ordenantzetarako proposamen berriak egin ditugu Beasainek dituen erronkei aurre egiteko, eta hauek aurrera ateratzeko lanean jarraituko dugu”, adierazi dute.













