Emakume sortzaileak lehen lerrora ekarriko dituzte Gabirian
I. Emakume sortzaileen azoka egingo dute bihar, hogei artistaren produktuak herriaren eskura jarrita.
Ataundarrek egindako emakume sortzaileen azoka, artxiboko irudian. Lide Egizala Geroz eta gehiago dira sorkuntzak jendaurrean erakutsi eta produktuak saldu ahal izateko azoken egutegietan txertatzen ari diren emakume sortzaileen azokak. Eta ez horretarako bakarrik. Hain justu, emakume sortzaileei ikusgarritasuna eman, emakumeek egindako lana balioan jarri eta herriko espazio publikoak, une batez behintzat, espazio seguru bilakatzeko. Egutegi horren barruan dago Gabiriako emakume sortzaileen azoka.
Aurreneko edizioa izango da eta bihar egingo dute hitzordua. Arratsaldean, 16:30etik 19:30era, hiru orduz zabalduko dute azoka eta Euskal Herri osotik gerturatutako hogei emakume sortzaile izango dira arratsaldeko protagonistak; sortzaile gehienak, gainera, modu batera edo bestera, gabiriarrak edo herriarekin lotura zuzena duten sortzaileak dira.
Olaia eta Amaiur akustikoan
Emakumeen topaleku bihurtuko da herriko plaza, eta denetariko produktuak erosteko aukera izango da: bitxiak, ilustrazioak, eskulanak eta kosmetika naturalak, besteak beste. Ehunduz, Amalur, Kurkubi, Araiz bitxiak, Leiresh, Haritxoa, Haribizi, Lar belarritakoak, Artizar, Gema Izuzkiza, Baztarrika, Amuki, Zuena, Amesgile argitaletxea, Mairi, Lau.a_handmade, Bihurri, Ni naiz, Kiribilak eta Araneskuz dira bertaratuko diren sortzaile eta markak.
Arratsaldea borobiltzeko, gainera, Olaia eta Amaiurren kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen den herritar orok.
Hilabeteetako lanketa
Hilabeteak dira Agirineko kideek herriko ekintzetan emakumeek duten presentziaz hausnartzen hasi zirela. Jendaurrean agertzea eskatzen duten zenbait ekintzetan emakumeen presentziak duen garrantziaz jabetu ziren, baita ekintza horietan parte hartzeak sortzen dizkien barne ezinegonez ere. Horretaz jabetuta, Gabirian erroturik dauden nahiz tarteka egiten diren ekintzen analisi bat egin zuten, horien nolakotasuna, emakumeek izan duten parte hartzea… aztertuta.
Agirineko kideek azpimarratu dute «gogoeta sakona» izan zela lanketa hura, eta beharrezko abiapuntua izan zela, hein batean, orain aurkeztu berri dutenari forma eman eta herriko emakumeen artean, elkarlanean, aurrera eramateko.













