Olaberriko EH Bilduk legealdi erdiko balantzea aurkeztu du
Etxebizitza, ongizatea eta zaintza aztertu ditu.
Olaberriko EH Bilduk 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztutako hautagaitza.Hitza Olaberriko EH Bilduk legealdi erdiko balantzea aurkeztu du, etxebizitza, ongizatea eta zaintza ardatz hartuta. Koalizioak azaldu duenez, herriko erronka nagusiei aurre egiten hasi dira, eta datozen urteetan ere bide horretan jarraitzeko konpromisoa adierazi dute.
Azken Soziometroaren arabera, 2007tik lehen aldiz, etxebizitza da herritarren kezka nagusiena; Olaberrian ere, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, gazteentzako aukerarik eza eta emantzipazio arazoak gero eta handiagoak dira. Irtenbide bat emateko asmotan, EH Bilduk Elizaren inguruko lursail batean etxebizitza berriak egiteko lehen urratsak egin ditu, eta herrian identifikatutako 67 etxe hutsak alokairu sozialerako aktibatzeko gonbitea luzatu die jabeei. Gaineratu dute Ihurren hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzeko proiektua ere abian dela.
Ongizatea eta zaintza arloan ere hainbat ekimen martxan jarri dituztela azaldu dute. 2023an egindako parte-hartze prozesu batean, Ihurreko biztanleria Gipuzkoako batez bestekoa baino zaharragoa dela ondorioztatu zuten; horrenbestez, EH Bilduk Matiarekin elkarlana sustatu du eta zaintza mahaia sortzea proposatu. Gizarte langilearen lanaldia hilabetean 20 orduz handitzea eta osasun zentroarekin koordinazioa hobetzea ere lortu dute, nahiz eta koalizioak lanaldi oso bat edo gehiago beharrezkotzat jotzen duen etorkizunean. Zaintzaileei dagokienez, formazioa eta lan baldintzak hobetzeko neurriak proposatu dituzte, baita etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko plegu berriak sortzea ere.
Elkarlanerako sostengua
EH Bilduk gogorarazi du urtarrilaren 22an Goierriko udalek lankidetzazko gobernantza eredu berria sinatu zutela, eta nabarmendu dute, hori guztia datozen bi urteetan gauzatu ahal izateko elkarlana eta lidergo partekatua «beharrezkoak» direla.













