Sexualitateari buruzko bi saio nerabeentzat, Zegamako gaztelekuan
Urriaren 24an eta 31n egingo dituzte saioak Treba Nerabeak egitasmoaren baitan. Doako saioak dira, baina parte hartzeko izena eman behar da. Izen ematea urriaren 22an itxiko da.
Saioei buruzko kartel iragarlea.Hitza Treba Nerabeak egitasmoaren baitan, sexualitateari buruzko bi saio antolatu dituzte urriaren 24an eta urriaren 31n Zegaman. Treba Nerabeak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak eta Gipuzkoako udalek elkarlanean, nerabeentzat antolatutako doako prestakuntza-eskaintza da eta aurtengo ikasturtean jarri da lehenengoz martxan.
Egitasmo hau 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago, beren ahalduntze prozesuan lagunduko dien prestakuntza eskaini eta euren bizi kalitatea eta aukerak hobetzeko helburuarekin.
Adin tarte horretako nerabeei zuzendutako bi saio antolatu dituzte Zegaman. Urriaren 24an, Sexualitatea: oinarrizko ikastaroa saioa egingo dute eta urriaren 31n, Sexualitatea: gorputza eta harremanak. Bi saioak Ageda Blasco trebatzaileak gidatuko ditu eta 17:00etatik 19:00etara gauzatuko dira gaztelekuan.
Saioak doakoak dira baina izena eman behar da aurretik parte hartzeko. Izena gaztelekuan bertan edo 690 264 843 telefonoan eman daiteke, urriaren 22a baino lehen.













