AHTaren zulaketak Ataunen, Idiazabalen, Beasainen eta Bakaikun
Espainiako Garraio Ministerioak «berehala» hasiko direla iragarri du.
AHTaren geltokia, Ezkion. Gotzon Aranburu Espainiako gobernuak pasa den astean jakitera eman zuenez, baztertu egin du AHTak Aralar azpitik zeharkatzeko aukera. Hala, Aralarko mendilerroa inguratuko duen bidea hobetsiko du, hirugarrena; Nafarroako AHTa Ezkio eta Itsasorekin lotuko dituena. Gasteizko lotunearen aukera baztertu du hortaz, nahiz eta behin betiko erabakia Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin adostu beharko duen. Baliteke erabaki hau 2026ko udaberrirako hartzea, orduan espero baita proiektuaren txosten teknikoa.
Behin norabidea zehaztuta, laginketak egin beharko dituzte Nafarroa eta Gipuzkoa artean. Asteburu honetan zehaztu dutenez, zazpi zulaketa izango dira guztira eta Bakaikun (Nafarroa), Ataunen, Idiazabalen eta Beasainen gauzatuko dituzte. Zulaketak 25 eta 154 metroko sakonerakoak izango dira; sakonena Ataungo San Gregorio auzoaren eta Idiazabalen artean egingo delarik. Lanak 330.867 eurotan esleitu dituzte eta txosten teknikoa egiteko «informazio geologikoa» erraztuko dute.
Jose Antonio Santano Espainiako Garraio idazkariak asteburuan aurreratu duenez, «berehala» hasiko dituzte zulaketak, «hil hau amaitu aurretik». Zulaketak Ineco enpresa asturiarrak egingo ditu eta bederatzi hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko. Hala ere, Garraio ministerioak «lanak arinago» amaitzea espero du.
Zundaketen aurka
Stop Zundaketak-AHTrik ez! ekimena Madrilgo gobernuak iragarritako zundaketa kanpainaren aurka agertu da eta «mehatxua errealitate» bihurtu dela adierazi dute. Zundaketa kanpainak eragingo dien udal eta udalerriei «lanak egiten ez laguntzeko eta inolako baimenik ez emateko» dei egin diete, eta herritarrei berriz, «zundaketen aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko».
Irakurri osorik hemen, Stop Zundaketak-AHTrik ez! Ekimenak bidalitako oharra.













