Asteklimaren baitan, energia izango dute hizpide olaberritarrek
EAEko Asteklima egitasmoarekin bat eginda, urriaren 26ra bitarte egitaraua prestatu dute, bi hitzaldirekin. Bihar arratsaldean izango da aurrenekoa.
2023ko Astekliman estazio meteorologikoa estreinatu zutenekoa, artxiboko irudian. Aitor Urkiola Klima aldaketari eta energiari eskainitako Euskal Autonomia Erkidegoko EAE Asteklima egitasmoarekin bat egin du beste urte batez Olaberriko Udalak, eta urriaren 26ra bitarte ekimen desberdinak gauzatuko dituzte herrian: hain justu, bi hitzaldi eskainiko dituzte. Etxean energia aurreztearen inguruan hitz egingo du aurrenekoak, eta bigarrenak, berriz, Tokiko energia komunitateen inguruan. Ekimen honen helburua da, besteak beste, herritarrek klima-aldaketaren eta beharrezko trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea. Zentzu horretan, bertaratzeko eta jardunaldietan parte hartzeko deia egin die udalak herritarrei.
Bihar eta ostegunean
Esan bezala, udalak energia jasangarritasunerako trantsizioan herritarra ahalduntzeko bi tailer antolatu ditu: aurrenekoa, bihar izango da, urriak 21, asteartea, 18:00etan eraikin berrian. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dituen ARGITU tailerren barruan, Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe tailerra eskainiko dute CAVIAR arkitektura taldeko Markel Arbulu eta Jorge Otaegik. Gainera, KIT maletinekin, etxeko energia kontsumoak neurtzen dituzten gailuak etxera eramateko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Bigarren tailerra, berriz, ostegunean izango da, urriak 23, aurrekoaren toki berean. Tailer hau, baina, Olaberriko Tokiko energia komunitateko kideei zuzendua egongo da. R2M solution enpresako Eneko Olabarrieta arduratuko da horretaz, eta besteak beste, energia komunitate batek aurrera egiteko behar dituen tresnak eman eta ahalduntzeko tailerra izango da.













