Janari bilketa handirako boluntarioak behar dituzte
Azaroaren 7an eta 8an egingo dute.
Azaroa iristear da, eta horrekin batera, urtero egiten den Elikagai Bankuaren janari bilketa handia ere bai. Ekimen solidario honen bidez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bere biltegiak betetzen ditu, urte osoan zehar laguntza behar duten pertsonei oinarrizko elikagaiak eskaini ahal izateko.
Aurten, bilketa azaroaren 7an eta 8an egingo da, ohi baino aste batzuk lehenago. Egun horietan, herritarrek aukera izango dute janari edo diru ekarpena egiteko, Goierriko saltoki nagusietan jarriko diren postuetan edo kontu korronte bidez.
Interesdunek ondorengo telefono zenbakietara deitu behar dute egun horietan antolatuko diren boluntarioen taldeetan parte hartzeko: 658 750 767, 679 340 712 eta 652 760 622.













