Joseba Iztuetak Euskal Mendi Federazioaren Sari Nagusia jaso du
'Andres Espinosa Euskal Mendizale 2025 EMF Saria' eman diote alpinista gabiriarrari Donostian egindako galan.
Joseba Iztueta alpinista gabiriarra, joan den ostiralean, Euskal Mendizaletasunaren Galan, Donostian.EMF Joseba Iztueta (Gabiria, 1991) alpinistak jaso du Euskal Mendi Federazioak banatzen duen sari nagusia: ‘Andres Espinosa Euskal Mendizale 2025 EMF Saria’. “Bere ibilbide luzeagatik eta abentura, auto-horniketa eta aurkikuntza oinarri dituen mendizaletasunaren espirituari egindako ekarpenagatik” saritu dute gabiriarra.
Pirinioetan, Alpeetan, Kirgizistanen, Tajikistanen, Indian, Marokon eta Baltistanen ibili da alpinismoa egiten, besteak beste. “Bere ibilbidea Andres Espinosa aitzindariarenaren antzekoa da”, nabarmendu diote.
Euskal mendizaletasunaren urteko hitzordu nagusia Donostiako Aldapeta Maria Ikastetxeko auditorioan egin zen joan den ostiralean. Klubak, federatuak, agintariak eta mendiaren munduko ordezkariak elkartu ziren. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak antolatu du aurtengo ekitaldia.
Iñigo Unanue ere saritua
Iztueta ez da aitortza jaso duen goierritar bakarra izan. Euskal Mendi Federazioaren Pyrenaica aldizkariaren 41. Artikulu lehiaketan bigarren saria eskuratu du Iñigo Unanuek zumarragarrak eta Kattalin de Pedrok Zikloalpinismoa Bolivian lanarengatik.













