Prest da Ardiki Egunaren 30. festa handia
Ohi bezala, mondeju zuriaren eta Aralarko gaztaren lehiaketak jokatuko dira, baita Saltarri erronka ere. Baserritarrez jantzita joateko deia egin dute antolatzaileek.
Sarituen, antolatzaileen eta agintarien talde argazkia, iazko Ardiki Egunean. Maider Insausti Igandean ospatuko da Zaldibiako mondejuaren eta ardikiaren inguruan urriko azken igandean egiten den Ardiki egunaren azoka eta festa. Iaz berritu zuten antolakuntza taldea eta ia hogeita hamar urtez lanean aritu den kofradiak erreleboa eman zuen. Hala ere, ohiko osagaiak ekarri dituzte aurtengoan ere hogeita hamargarren festa handia ospatzeko.
Berezitasunen artean, Saltarri erronka azpimarratu du antolakuntzako kide Uxue Garmendiak. Artzainen antzinako jolasetako bat berreskuratuko dute igandean eta parte hartzaileek, harria luzetara hartu, mutur batean hanka bilduan jarri, belaunak okertu eta abiadurarik hartu gabe egin beharko dute salto. Saltarri harriaren replika bat ere izango da bertan, baita haren inguruko informazioa ikusgai ere. Erronkan parte hartzeko izen ematea momentuan egingo da, eta parte hartzera animatzeko deia egin die Garmendiak herritarrei, baita baserritarrez jantzita joatekoa ere.
Lehiaketen bueltan
30. Zaldibiako Mondejuaren Lehiaketarekin batera, 27. Aralarko Gaztaren Lehiaketa ere jokatuko da. Ohiko baldintzak dituzte mondejugileek. Parte hartzea irekia izango da, baina izena eman beharko dute aurrez -ostirala baino lehen, urriak 24, 650 354 379-, eta igandean 10:00etarako etxean norberak egindako bost kana mondeju eramango dituzte plazara.
Hiru sari emango dituzte, 300 euro eta txapela irabazleari, 200 euro eta 100 euro. Gainontzeko parte hartzaileek ere 25na euro jasoko dituzte. Epaimahaia sukaldariek eta gastronomo adituek osatuko dute. Mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta nahasketako osagaien txikitze-tamaina hartuko dituzte irizpidetzat.
27. Aralarko Gazta Lehiaketan, berriz, Aralarko hemezortzi artzainek hartuko dute parte aurtengo edizioan, iazkoan baina artzain bat gehiagok. Horrez gain, artisautza erakusketa, artisau produktuen azoka eta ganadu lasterketa ere izango dira igandean, eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolari handien doinuek girotuko dute goiz-eguerdia. Mondejua dastatzeko aukera ere izango da, noski, plazan.
EGITARAUA
- 10:30. Diana, herriko txistulari taldeak eta trikitilariak alaituta.
- 10:30. Artisautza erakusketa, artisau produktuen azoka eta ganadu erakusteka.
- 11:00. Zaldibiako 30. Mondeju eta 27. Aralarko Gaztaren Lehiaketa, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek gidatuta.
- 11:30-13:00. Saltarri erronka Artxanberri kalean.
- 13:15. Sari banaketa.
- 14:30. Bazkaria herriko plazan, mondejua, ardiki gisatua, ardikia erreta piparrakin eta aralarko gazta, kafea eta pattarra. Bazkarirako txartelak Joxepanen salgai 25 euroan.
- Bazkalostean. Erromeria Laja eta Alabierrekin.













