Aizkorri-Aratz, Pirinioetako lurzoruen kudeaketa jasangarrirako laborategi naturala
Europako SOLPYR proiektuaren barruan mendiko lurzoruak ezagutu eta babestea helburu duen jardunaldia egin dute parke naturaleko lurretan.
Aizkorri-Aratzen egin duten jardunaldiaren irudi bat.Neiker Mendiko lurzoruek ezinbesteko rola jokatzen dute ekosistemen oreka ekologikoan eta jasangarritasunean. Gainera, klima erregulatzen dute, ur-zikloaren funtsezko zati dira eta biodibertsitate-gordailu dira. Mendiko lurzoruak ahulak dira, eta, Pirinioetan are ahulagoak dira muturreko baldintza klimatikoak eta klima-aldaketaren ondoriozko presioak dira-eta, eta lurraldea gero eta gehiago erabiltzen delako aisialdirako.
Ezagutza horretan eta kontserbazioan sakontzeko, Neiker teknologia-zentroa –Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitatea– Pirinioetako Lurzoruen II. Foroan parte hartzen ari da Europako SOLPYR proiektuaren esparruan. Proiektu horren helburua da mendiko lurzoruak babestea Pirinioetako eskualdeetako entitateen artean ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza garatzearen bidez. Bulegoko lanaldi teknikoak eta landako sentsibilizazio-saio bat egin dituzte.
Pirinioetako eskualdeetako erakundeetako aditu eta ordezkariak bildu dira topaketan. Ikerketan, baso-kudeaketan, nekazaritzan, abeltzaintzan edo administrazio publikoan dihardute eta, proiektuaren aurrerapenak lantzeaz gain, mendiko lurzoruen gobernantza eta kontserbazioari buruzko esperientziak partekatuko dituzte. Eztabaidagaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurzoruak kartografiatzeko eta haien kalteberatasuna zehazteko metodologiak harmonizatzea, eta Pirinioetako lurzoruetarako ekintza-plana egitea. Plan horrek estrategia komun bat ezartzen du baliabide hori mugaz gaindiko eskalan babesteko, eta Pirinioetako eskualdeetan egindako baterako sorkuntzako zazpi tailerren emaitzetan oinarritzen da.

Jardunaldian bildutako ordezkariak, adituen azalpenak entzuten.Neiker
Mendiko lurzoruak bisitatzea
Jardunaldi praktikoa Aizkorri-Aratz parke naturalean egin dute. Partaideek Urbiako ibilbide edafikoa egin dute, bai eta hura aztertu, eztabaidatu eta gozatu ere. Ibilbidean zehar, lurzoru-profilak eta -zeharrebakiak erakutsiko dizkiete, bai eta interes geologiko eta kulturaleko puntuak ere, lurzoru horiek nola eratu diren eta ekosisteman eta horien mende dauden giza jardueretan zer rol jokatzen duten ulertzeko.
«Lan egiteko modua partekatzea eta adostea lehen urratsa da emaitza konparagarriak lortzeko bidean aurrera egiteko»
Ainara Artetxe. Neiker-eko Natura Baliabideen Kontserbazioko Saileko ikertzaileak
Era berean, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrak eta Neikerrek azaldu dute inguruko mendiak eta lurzoruak nola kudeatzen dituzten, baita artzaintza-baliabideak nola baloratzen dituzten ere, ekosisteman eta tokiko jarduera ekonomikoetan zer rol jokatzen duten ulertzeko. «Ibilbidean zehar, lurzoru-zeharrebakiak eta profilak aztertu dira, kontuan hartuta, beste faktore batzuen artean, azpiko material geologikoa, klima, landaredia edo lurzoruaren erabilerak (artzaintza historikotik hasi eta egungo mendi-ibilietaraino), lurzoru horien eraketan eta kontserbazioan eragina dutenak», adierazi du Ainara Artetxe Neiker-eko Natura Baliabideen Kontserbazioko Saileko ikertzaileak.

Mendiko lurzoruek ezinbesteko rola jokatzen dute ekosistemen oreka ekologikoan eta jasangarritasunean.
Ezagutza-tresna harmonizatuak
Aldi berean, SOLPYRen esparruan, Pirinioetako lurzoruak sailkatzeko mapa harmonizatu bat egiten eta lurzoruen degradazioa inbentariatzeko eta kuantifikatzeko metodologia partekatu bat garatzen ari dira. Pirinioetako eskualde guztietan informazio fidagarria eta konparagarria izateko beharretik sortzen dira tresna horiek; izan ere, mendiko lurzoruen arazoak —hala nola higadura, trinkotzea edo materia organikoa galtzea— partekatuak dira neurri handi batean, baina ez dira beti modu uniformean neurtzen. Honakoa dio Artetxe ikertzaileak: «Lan egiteko modua partekatzea eta adostea lehen urratsa da emaitza konparagarriak lortzeko bidean aurrera egiteko. Emaitza horiei esker, ondoren, eremu kalteberenak edo faktore erabakigarriak identifikatu ahal izango ditugu, eta Pirinioetako lurzoruak kontserbatzeko mugaz gaindiko neurriak eta erabakiak orientatu».
Kartografian eta neurketan oinarritutako lan tekniko hori aberasteko, herritarrak sentsibilizatzeko dimentsioa txertatu dute; hau da, hezkuntza-materialak eta dibulgazio-ibilbideak egin dira, txangozaleek, mendi-ibiltariek, kirolariek, abeltzainek eta kudeatzaileek beren jardueren oinarri diren lurzoruak ezagut eta balora ditzaten. Horrela, zuzenean lotzen dira herritarrak eta erabaki-hartzaileak mendiko ekosistemen kontserbazioan.
Lan horri guztiari esker, mendiko lurzoruei buruzko mugaz gaindiko ikerketa, kudeaketa eta sentsibilizazio-ekimenak bultza daitezke, egindako ekintzek Pirinio osoan irismen koordinatua eta eraginkorra izango dutela bermatuz. Lana, bada, SOLPYR proiektuaren barruan dago, eta horrek Europar Batasunaren babesa du, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.
Neiker zentro teknologikoa eta SOLPYR proiektua
Neiker teknologia zentroa Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea da, eta nekazaritzako elikagaien eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatuta dago. Neiker zentroaren lan-ildo nagusiak honakoak dira: 4.0 nekazaritza bultzatzea sektorearen barruan; etxaldeen jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea; nekazaritzan eta abeltzaintzan klima-larrialdiaren ondorioak arintzeko alternatibak bilatzea, eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegiaren bidez, animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko interrelazioari zeharka helduz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko erakunde gisa, Neiker zentroaren jarduerak helburutzat du erantzuna eta babesa ematea Eusko Jaurlaritzak EAEko nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektorea sustatu, garatu eta kudeatzeko diseinatzen dituen estrategiei.
SOLPYR proiektuan ICGCk (Kataluniako Kartografia eta Geologia Institutua), NEIKERek eta Pirinioetako eskualdeen ordezkari diren bazkide hauek ere parte hartzen dute: DRYMA (Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua), FMC (Marcel Chevalier fundazio pribatua), FORESPIR (GEIE FORESPIR), GET-UT3 (Géosciences Environnement Toulouse-Université Toulouse III Paul Sabatier), IPE-CSIC (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko Pirinioetako Ekologia Institutua), Pirinioetako Lan Elkarteko Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.













