Ataungo Hiru auzoetako krosa jokatuko da igandean
44. edizioa izango da eta ohiko ibilbidea eta luzera izango ditu. Lasterketa nagusia abiatu ondoren, haurren korrikalditxoa jokatuko da. Izen-ematea zabalik dago, baina egunean bertan ere izango da aukera.
Amaia Insausti olaberritarrak irabazi zuen Ataungo Hiru Auzoetako korrikaldia. Maider Insausti Ataungo Hiru Auzoetako 44. Korrikaldia igande goizean jokatuko da, azken urteetan ohikoa izan den bezala Mantzaren omenez. Goierriko lasterketa beteranoena da, eta ohiko ibilbidea eta luzera izango ditu: San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio eta Kaxeta igaro, Aiara igo, han bira hartu eta bide beretik San Martineraino itzuli. 11:00etan hasiko da proba eta 17,3 kilometro osatu beharko dituzte.
Lasterketa nagusikoak irten ondoren, haurren txanda izango da, aurtengoan ere antolatu duten korrikalditxoarekin; San Martingo kaleetan barrena ariko dira, eta lehiarik gabe korrika egin ahalko dute. Ataun Kirol Elkarteko atletismo sailak antolatu du aurtengoan ere, eskualdeko zenbait enpresa eta komertzio nahiz udalaren laguntzarekin.
Izen-emateak zabalik
Parte hartu nahi dutenek kirolprobak.com atarian izena eman beharko dute. Aurretik eginez gero, 15 euro kostatuko da, eta egunean bertan, 10:00etatik aurrera, berriz, 20 euro. Lasterketak adin mugarik ez badu ere, 18 urtez beherakoek gurasoen edo tutorearen baimena aurkeztu beharko dute, webgune berean eskuragarri dagoen inprimakia beteta.
Sariak eta opariak
Sailkapen nagusiko aurreneko hiruna gizonezko eta emakumezkoek jasoko dute saria, baita lehen beteranoek ere (emakumeak 40 urtetik gora, eta gizonak 45 urtetik gora). Ataundarren artean ere, aurreneko herritarra eta aurreneko herritar beteranoa sarituko dituzte. Baina ez hori bakarrik, sari gehiago ere izango dira; parte-hartzaile guztiek Ataungo produktu sorta bat jasoko dute, eta herriko produktuz hornituriko beste saski bat zozketatuko da guztien artean.
Horrez gain, badago gainsari berezi bat: krosaren denbora-errekorra hausten duenak 300 euroko saria izango du. Gizonetan 54:10 eta emakumeetan 1:04:52 dira indarrean dauden markak.














