Euskararentzat arnas saskikada
Abiatu da Errigoraren 'Euskarari puzka' kanpaina, Nafarroako erdi eta hegoaldeko ekoizleei eta euskarari bultzada emateko helburuarekin. Azaroaren 13ra arte egin daitezke eskaerak.
Errigora kanpaina posible egiten duten hainbat boluntario.Errigora Errigora ekimenak 2025eko udazkeneko kanpaina abiarazi du, Nafarroa erdi eta hegoaldean lanean ari diren euskalgintzako eragileei laguntza eskaintzeko. Kanpaina honen helburua da euskararentzat arnasa sortzea: AEK, Sortzen, Ikastolak eta Agerraldia bezalako eragileak ezinbestekoak dira hizkuntza sustatzeko eta zonaldean bertan euskal-komunitateak arnasa har dezan lan egin dezaten.
Hain zuzen ere, Errigora 2013. urtean sortu zen, helburu horiek ardatz. Orain arte, milaka saski banatu dira, eta horien bidez lortutako diruaren zati handi bat, eragile horiei bideratu zaie, euskara sustatzeko eta komunitatea indartzeko.
Berdea, beltza eta gorria
Udazken honetan, eskaintzen diren saski mota nagusiak hiru dira: saski beltza (60 euro), olioa, piperrak, potxak, ilarrak, zainzuriak, orburuak, kardua, borraja, teilak, mahats zukua, ardo beltza eta patxaran mantekatuak dituena; saski berdea (65 euro), piperrak, olioa, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, tomatea, teilak, txokopipitak, sagar zukua, ozpina eta ardo beltza erdi-ondua dituena; eta saski gorria (75 euro), ardo beltza (18 hil barrikan), ardo txuria, olioa, piperrak, zainzuriak, turroia, patxarana, mantekadak, polboroiak, ardi-gazta, txokolatezko molineritoak dituena.
Eskaerak internet bidez egin daitezke errigora.eus webgunearen bidez, lehentasuna emanez Internet bidezko eskaerei. Hala ere, ohiko bideak erabiltzeko aukera ere badago: kanpainako esku-orriak bete eta herrietako arduradunei entregatuz. Eskariak egiteko epea azaroaren 13ra arte dago zabalik, eta jasotzea azaro amaieran edo abendu hasieran izango da, eskatzaileak aukeratutako herri guneetan, egutegi eta ordutegian zehaztuta.
Euskarari Puzka kanpaina ez da soilik produktuak eskaintzea; auzolana, elkartasuna eta euskararen sustapenaren sinbolo da. Zuhaitz baten antzera, hizkuntza ere landu, zaindu eta berriro loratzen da ekintza txiki askoren bidez. Herritar guztiek parte hartu dezakete, euskararentzako arnasa emateko.













