Gaur hasiko da Ataungo memoria historikoaren zikloa
Jexux Aizpuruak egingo duen hitzaldi batek irekiko du, eta azaroaren 30an bukatuko da Aian egin ohi duten omenaldiarekin.
Gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia egingo diete aurten ere.Hitza Memoria historikoaren inguruko hamahirugarren zikloa gaur hasiko da; azaroaren bukaerara arte iraungo du jardunaldiak, lau hitzaldirekin. Gaur, hala, arratsaldean, 19:00etan, Jexux Aizpuruak Ataungo karlistak, nazionalistak, gorriak, erreketeak… hitzaldia eskainiko du, udaletxeko pleno aretoan.
Hurrengo hiru hitzorduak, berriz, azaroan izango dira: hilaren 22an eskainiko da bigarrena, ibilbide gidatuaren formatuan, 1936ko uztailaren 25a, Zentraletik San Martingo plazara lelopean. Goizeko 11:00etarako egin dute hitzordua, Zentralen.
Hirugarrena, berriz, hilaren 27an izango da, osteguna, eta Deñe Garcia-Bravok zein Mikel Balerdik Eraman zutela dokumentalaren inguruko solasaldia eskainiko dute, 19:00etan herri antzokian.
Bukatzeko, gerraren ondorioak jasan zituztenei omenaldia egingo diete azaroaren 30ean, 12:00etan, Aian.
Herriko zenbait eragilek elkarlanean antolaturiko ekimena da, hala nola Ataungo Emakume Taldea, Atauniker Kultur Elkartea, Hitzarri Elkartea, memoria historikoa lantzen duen herriko lantaldea eta Ataungo Udala. Herritarrei ekitaldietara gerturatzeko eta parte hartzeko deia zabaldu diete antolatzaileek.













