Lazkaoko Gazte Festak, jai giroa bi egunez
Biharko eta etziko prestatu dute egitaraua 'Loratzeko erein' goiburupean. Igandea desmuntatze eguna izango dute.
Lagun talde bat Lazkaoko Gazte Festetan, orain bi urte.Asier Zaldua Lazkaoko VIII. Gazte Festak bihartik igandera bitarte ospatuko dituzte, Lazkaoko Gazte Asanbladak antolatuta eta Loratzeko erein lelopean. Jardunaldiz beteriko egunak izango dira aurreneko biak, eta igandean, berriz, desmuntatzerako hitzordua jarri dute, festei auzolanean amaiera bikaina eman diezaioten. Plazako frontoian kokatuko dute festa gunea, txosna eta guzti. Hala ere, herrian barrena ere egingo dituzte zenbait ekitaldi.
Txupinazoa jaurtita, segidan abiaraziko dituzten gazte olinpiadekin goitik hasiko dituzte ekitaldiak. Proba desberdinak egin beharko dituzte, hamar pertsonako taldetan banatuta. Partaideko 2 euro ordaindu beharko dituzte –momentuan–. Bukatu bezain pronto, Iker Sukia eta Iñaki Larrañaga trikitilariek alaitutako triki-poteoa hasiko dute txosnatik. Bertso afari autogestionatua egingo dute gero (21:30) txosnan bertan, Mikel Etxezarreta eta Aratz Igartzabal bertsolariekin. Gauerako ere, indarrak gordetzea komeniko zaie lazkaotarrei; izan ere, gauerdian, 00:00etan emango zaio olinpiadako finalari hasiera, frontoian, eta bi talde arituko dira txupito apustuan norgehiagoka. Oihana Begana arduratuko da amaitzerakoan gaua girotzeaz, azkenik.
Musika eskaintza
Larunbatean, berriz, eguardiko 13:00etarako egingo dute juntadizoa, Malantzan, eta buruko osagarriren bat soinean jantzita eramateko deia egin dute. Bazkaria (15:00) eta bingo musikatua egingo dute ondoren, eta Elektropikala elektrotxaranga arduratuko da arratsaldeko giroa eskaintzeaz, txosnatik hasi eta herrian kalejira eginda. Gauean, azkenik, 22:30ean hasita, kontzertuak izango dira: Ganibet, Zilibito Records eta Muxutruk erromeria. Festei amaiera borobila emateko, gainera, bigarren urtez jarraian antolatu duten II. Takoi karrerari hasiera emango diote.
Igandea, azkenik, festa giroa amaituta, desmuntatzerako eguna izango dute herriko gazteek. Kamisetak ere atera dituzte, eta bi egunetan zehar kamiseta soinean jantzita eramateko deia egin dute. Gainerakoan, animatzeko eta bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek herriko gazteei.













