Zaldibian gertatutako "ekintza homofoboak" gaitzetsi ditu udalak
LGTBI+ eskubideen eta aniztasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoan berretsi da adierazpen baten bidez.
Zaldibiako udaletxeko balkoian Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunarekin bat egin duen pankarta.Zaldibiako Udala Zaldibiako Udalak adierazpen bat kaleratu du “azken egunetako gertaeren” harira. Ekintza homofoboak gertatu direla eman du jakitera, eta nabarmendu LGTBI+ eskubideen eta aniztasunaren alde lanean jarraituko duela.
Honela dio, hitzez hitz, Zaldibiako Udalak kaleratutako adierazpenak:
“Azken egunetan gure herrian egindako ekintza homofoboen aurrean, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu. Ez dugu onartzen inolako diskriminazio-adierazpenik, eta are gutxiago pertsonen sexu-orientazioan eta identitatean oinarritutakorik.
Gertaera hauek erasoak dira, ez dira iritzi baten adierazpena, ezta desadostasun demokratiko baten parte ere, gorrotoan eta bazterkerian oinarritutako ekintzak baizik. Gizarte berdinzale batean ez dira onargarriak horrelako diskurtso eta jarrerak.
Aniztasuna defendatzen duten pertsona guztiek babesa eta errespetua merezi dute, eta gizarte osoaren ardura da horrelako diskurtsoak eta ekintzak geldiaraztea. Pertsona orok, bere genero-identitatea eta sexu-orientazioa edozein dela ere, eskubidea du duintasunez eta beldurrik gabe bizitzeko.
Bestalde, eraso horietako bat herriko eskola eremuan izan da. Eskolak espazio segurua eta hezitzailea izan behar du haur guztientzat, haien jatorria, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo sinesmenak edozein direla ere. Homofobia eta diskriminazio mota oro errotik baztertu behar ditugu. Ez dugu onartuko pertsonen edo kolektiboen duintasunari eraso egiten dien edukirik. Hezkuntzaren eginkizun nagusietako bat da balioetan heztea: errespetua, aniztasunaren onarpena eta bizikidetza sustatzea.
Zaldibiako udalak konpromisoa hartzen du LGBTI+ eskubideen eta aniztasunaren alde lanean jarraitzeko. Gorrotoaren aurrean, errespetua eta elkarbizitza sustatzen jarraituko dugu.
Ez gara isilik egongo. Aniztasuna ez da salbuespena, gure gizartearen parte da”.













