23 urrezko domina eskuratu ditu Loreak taldeak Beasainen jokatu den Wushu-Kung Fu jardunaldian
Euskal Herriko hainbat taldek eta Burgoseko beste batek hartu dute parte goizeko ekitaldian.
Wushu-Kung Fu jardunaldia gaur goizean, Beasaingo Antzizar kiroldegian.Josune Zarandona Beasaingo IWKFCD Loreak antolatuta, Wushu-Kung Fu seigarren Ligaren jardunaldia jokatu da gaur Antzizar pilotalekuan. Beasain, Tolosa, Donostia, Iruña (Nafarroa) eta Burgosetik (Espainia) etorritako 70 bat partaidek hartu dute parte bertan. Lorea taldeko Maria Izquierdo pozik agertu da jardunaldia amaitu berritan, “oso ondo atera da dena”, esan dio Goierriko Hitzari.
Sanda (borroka) eta Taolu (formak) modalitateetan lehiatu dira parte hartzaileak, kimono eta jantzi koloretsuak soinean. Lorea taldeko 23 kidek hartu dute parte gaurko jardunaldian eta hainbat domina poltsikoratzea lortu dute. Urrezko dominak 23 izan dira etxeko taldearentzat —20 Taolun eta 3 Sandan—. Zilarrezko dominak Taolu modalitatean bakarrik eskuratu dituzte, 13 guztira eta brontzezkoak 16 —13 Taolun eta 3 Sandan—.
Giro onean garatu da jardunaldia eta Sandan lesiorik egon ez delako pozik zegoen Izquierdo; erakustaldiak “oso teknikoak” izan direla azpimarratu du. Orokorrean, jardunaldiaren maila goraka doala uste du “urtetik urtera maila hobea dago, bai Lorea taldeari dagokionean, baina baita orokorrean ere. Horrelako txapelketak laguntzen dute hobetzen”, dio.













