Bertako sagardoa ere protagonista, Zegamako 11. Cava festan
Sagardoaren esperientziaz gozatzeko, Zeraingo Oiharte sagardotegira bisita egin dute Sabt Sadurni D´Anoiako eta Zegamako Udaleko ordezkariek.
Sant Sadurni D´Anoiako eta zegamako Udaleko ordezkariak, gaur, Oiharte sagardotegian. Josune Zarandona Atzotik Zegaman ospatzen ari diren 11. Cava Festaren harira, Sant Sadurni D´Anoiako (Herrialde Katalanak) udal ordezkariak Zeraingo Oiharte sagardotegira bisita egin dute gaur eguerdian, Zegamako Udalak gonbidatuta. Sant Sadurni eta Zegama 2017tik daude senidetuta eta horren ondorio da, herriko hainbat elkarteren ekimenez sortutako Cava Festa.
Kataluniar lurretatik iritsi berri, Zeraingo Oiharte sagardotegian egin dute lehendabiziko geldialdia gaur Pere Vernet Sant Sadurni D´Anoiako alkateak eta berarekin etorritako udal eta upategi ezberdinetako ordezkariek. Zegamako Udaleko hainbat zinegotzi eta herritarrek egin diete harrera.
“Gure herriko produktu izarrak Zegamara ekartzeko aukera honek, are zentzu handiago ematen dio gure arteko senidetzeari. Zegamako lagunak berriz ikusteko aukeraz gain, produktuak elkar trukatzeko baliagarriak dira topaketa hauek”, esan du Oiharteko atarian Vernetek.
Cava eta sagardoa bat eginda
Zegamarekin duten senidetzearen ondorioz, zegamarrek cava bezala, beraiek ere sagardoa gero eta gehiago ezagutzen dutela aitortu du. Zentzu horretan, elaborazioari dagokioen, sagardoak eta cavak antzekotasun handiak dituztela uste du “fruta batetik eratorritako eta ondoren fermentatutako edariak diren aldetik. Gainera, sagardo apardunak ere badituzuela jakin badakit”. Aldarrikapenerako tartea ere hartu du, “borroka bera da gurea, Europan betoa jarri nahi dioten produktuen defentsa, alegia. Iraunarazi behar ditugun produktuak dira, ematen duten aberastasunaz gain, gure kulturen ondare direlako”.
Laguntasunaz gain, truke teknologiko bat ere badago topaketa hauen muinean, “cavaren eta sagardoaren elaborazioan elkar ikasteko. Oso interesgarria da hau. Jakin badakit, adibidez, Oihartekoek harremana badutela Sant Sadurniko cava upategi askorekin”, esan du.
Cavak eta Corpinatak ekarri dituzte aurtengo Cava festara, eta atzotik dastagai daude Zegamako frontoian, gaur izango da azken aukera. Sant Sadurnin 80 bat upategi daude eta munduko cava ekoizpenaren %90a suposatzen dute.
Sagardo berriaren zain
Oiharte sagardotegiko Aritz Eguren eta Maite Retolazak egin diete harrera. Aurrena, upategian bertan, kupeletan gordetako sagardo ezberdinak dastatzeko aukera izan dute. “Urteko sasoi hau oso polita da dastaketak egiteko, oraindik iazko sagardo zaharrak ditugulako, baita uzta berrikoak ere”, esan du Egurenek. “Ezberdintasunak handiak dira bataren eta bestearen artean. Usaimen aldetik sagardo berriak beste freskura bat du”, aipatu du. Dastaketaren ondotik, bazkaria egin dute bertan eta etxean egiten dituzten produktu gehienak atera dizkiete probatzen jarraitzeko.
Gutxiago falta da jada, sagardotegien denboraldia irekitzeko. Sagardo uzta berriaz galdetuta, sagar uzta “nahikoa ona” izan dela esan du Egurenek, nahiz eta, “ez den errekor urtea” izan. Abuztu hasierako beroek ez dute lagundu, baina guztiarekin, uzta “polita” izan dela dio, “errendimendu aldetik gutxixeago” eman badu ere. Sagardo berriari dagokionez, sagar barietate ezberdinetatik eratorritako sagardoari egin dio erreferentzia, “sagar barietate ezberdinek ematen dutenaren erakusleiho dira, gero eta gehiago, gure sagardoak. Badaude estruktura handiko sagardoak, gorpuzdunak eta badaude sagardo arinagoak, erraz edatekoak… pixka bat denetik”, amaitu du.













