Beko Karnizerie harategiak irabazi du XXX. Mondeju Lehiaketa
Mendizabaldarrek egin dute bigarren, eta Irune Oyarbidek hirugarren. Aralarko Gazta Lehiaketa Garoa gaztandegiak irabazi du. Josu Aldasoro bigarren gelditu da, eta Zelaieta elkartea izan da hirugarrena.
Beko karnizerie harategiko Pili Sukia txapelarekin Euritan izan bada ere, festa giroa gailendu da goizean goizetik Zaldibian. Eguna hasteko, herriko txistulari taldeak eta trikitilariak ibili dira kaleetan zehar. Herriko plazan, berriz, artisautza erakusketa eta artisau produktuen azoka izan dira goiz osoan, eta jende ugari bildu da bertan. 11:00 etan eman zaie hasiera Zaldibiako XXX. Mondeju Lehiaketari eta XXVII. Aralarko Gaztaren Lehiaketari. Aurten, guztira, hogeita bat mondeju eta hemezortzi gazta aurkeztu dira lehiara.
Eguerdian, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak lagunduta, bi lehiaketen sari banaketa egin dute. Mondeju lehiaketako lehenengo sariduna Beko Karnizerie harategia izan da. Mendizabaldarrek egin dute bigarren, eta Irune Oyarbidek hirugarren. Aralarko Gazta Lehiaketari dagokionez, Garoa gaztandegia izan da lehenengo postua eskuratu duena. Josu Aldasoro bigarren gelditu da, eta Zelaieta elkartea izan da hirugarrena. Goizari amaiera emateko, 14:30ean bazkaria egin dute plazan, eta bazkalostean erromeria egon da Laja eta Alabierrekin.
Ganadurik gabe aurten
Aurten hutsune bat izan da Ardiki Egunean, ez baita ganadu azokarik egin. Ostegunean erabaki zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako foru aldundiek abeltzaintza azokak debekatzea, behien artean hedatzen ari den dermatosi nodular gaitz kutsakorra (DNC) gehiago ez hedatzeko prebentzio neurri gisa. Hori dela eta, aurten ez da izan ganadua ikusteko aukerarik.













