Ibañez eta Zubizarreta garaile Hiru Auzoetako Korrikaldian
Goierritarrek bete dituzte podiumeko postu nagusiak. Ataundarren parte hartzea ere inoizko altuena izan da. Guztira 24 herritarrek hartu dute parte lasterketan.
Beñat Ibañez eta Xabier Santxez, gizonezkoetan irabazleak. Ataungo Hiru Auzoetako krosa jokatu dute goizean, 44. aldiz. Gizonezkoetan, eskutik helduta sartu dira helmugan Beñat Ibañez zumarragarra eta Xabier Santxez idiazabaldarra, baina azkenean Ibañez igo da podiumeko lehen postura. Hirugarren postua David Cid lazkaotarrak lortu du. Emakumezkoetan, Irati Zubizarreta beasaindarra izan da azkarrena, Miren Bastida azpeitiarra bigarrena, eta Amaia Intxausti idiazabaldarra hirugarrena.
Eguraldi kaxkarra egin arren, parte hartzaileak ez dira kikildu eta 83 korrikalarik zeharkatu dute Ataun puntarik punta. Horietatik 24 ataundarrak izan dira. Helduen proba 11:00etan abiatu da, eta denera 17,3 kilometro egin behar izan dituzte: San Martingo plazatik abiatu, San Gregorio eta Kaxeta igaro, Aiara igo, han bira hartu eta bide beretik San Martineraino itzuliz. Lasterketa nagusia abiatu ondoren, haurren korrikalditxoa jokatu da, San Martingo kaleetan barrena.
Aurtengo edizioa ere Ataun Kirol Elkarteko atletismo sailak antolatu du, eskualdeko zenbait enpresa eta komertzio nahiz udalaren laguntzarekin. Sailkapenak hemen.













