Autokontsumo partekaturako aukera izango dute lazkaotarrek
Biziolak eta Goienerrek elkarlanean martxan jarritako proiektuan parte hartzeko aukera izango dute, Biziolako teilatuan egingo den instalazioaren bidez. Proiektuaren inguruko batzarra egingo dute bihar Biziolan.
Biziolako eraikina kanpotik, artxiboko irudian. Ariane Vierbücher Lazkaotarrek Auzoargi autokontsumo proiektuan parte hartzeko aukera izango dute, Biziolako teilatuan egingo den instalazioaren bidez. Energia burujabetzaren bidean, Biziolak eta Goienerrek elkarlanean jarriko dute martxan proiektua, bertan sortutako energia bertan kontsumitzeko helburuarekin. Instalazioa eta tramite guztiak Goienerrek kudeatuko ditu.
Auzoargi energia erraz kontsumitzeko modu bat da; teilatuetan egindako instalazioen bidez, autokontsumoa partekatzeko aukera zuzena eskaintzen du. Oraingoz, Lazkaoko Biziolan egitea aurreikusi dute lehen instalazioa, baina argindar kontsumo puntu bat duten lazkaotar guztiak animatu dituzte galdetegia betetzera, proiektuan parte hartzeko asmoz.
Hala ere, proiektuaren inguruko informazio gehiago jasotzeko aukera izango da bihar arratsaldeko 18:00etan Biziolan egingo den batzarrean. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute galdetegian.













