Beasainek buru osasunaren diagnosia abiaraziko du
Bi jardunaldi ireki egingo dira non herritarrek parte hartu ahal izango duten. Proiektuak Beasaingo ongizate emozionala eta komunitate sarea indartzea du helburu.
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar gizarte ekimen kooperatibak urrats berri bat emango dute Nahi ez den bakardadea eta buru osasuna proiektuan. Orain arteko sentsibilizazio fasea amaitzear dago, eta proiektuaren diagnosi-fasea hasiko da bi jardunaldiren bidez: urriaren 29an (asteazkena) eta azaroaren 4an (asteartea), 18:00etan, Udaletxeko batzar aretoan.
Saio ireki hauek herritar eta herri eragile guztiei zuzenduta daude, eta proiektuaren ibilbidea azalduko dute, diagnostikoaren xehetasunak aurkeztuko dituzte eta parte hartzeko aukerak zehaztuko dituzte.
Komunitarioa eta parte-hartzailea
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak 2024an abiatu zuten proiektua, nahigabeko bakardadea eta buru osasuna gai nagusi gisa hartuta. Helburua da herritarren ongizate emozionala eta soziala indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzea, ikuspegi komunitariotik eta artearen bidezko sentsibilizazioaren bitartez.
Proiektua bi fasetan banatua dago: Lehen fasea (2024–2025), diseinua eta sentsibilizazioa; eta bigarren fasea (2025–2026), diagnosia eta ekintza programa parte-hartzailea.
Orain arte, 506 herritarrek parte hartu dute Beasainen egin diren ekimenetan, antzerki saioak, dinamika parte-hartzaileak eta sormen prozesuak tarteko, eta parte-hartzaileen balorazioa bikaina izan da.
Diagnosi komunitarioa
Diagnosi fase honetan, adituen talde batek gidatuko du prozesua, eta bertan izango dira Ainara Arnoso (EHUko Psikologia saila) eta Maribel Pizarro (Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa, GIT), arlo honetan erreferente diren profesionalak.
Diagnosiaren helburua da Beasaingo eta Goierriko egoera aztertzea, eta nahigabeko bakardadearen eta buru osasunaren arteko loturak identifikatzea. Prozesuak inkesta eta elkarrizketa dinamikoak izango ditu oinarri, eta herritarrek parte hartzeko aukera izango dute modu zuzenean.
Bi jardunaldi irekiren bidez
Diagnosiaren hasiera markatuko duten bi jardunaldi hauetan, urriaren 29an eta azaroaren 4an, eta ondorengo gaiak jorratuko dira. Orain arte egindako ibilbidearen eta emaitzen azalpena; Diagnosiaren edukia eta erabiliko den inkestaren aurkezpena; inkestaren zabalkundea eta antolaketa; eta lehen esperientzia pilotua Beasaingo esparruan nahigabeko bakardadeari eta buru osasunari aurre egiteko.
Saioek izaera irekia dute, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera. Bi egunetako egitaraua berdina izango denez, nahikoa da saioetako batera bertaratzea.
Etorkizunera begira
Diagnosiaren ondoren, parte-hartze prozesu bat garatuko da ekintza-programa komunitario bat sortzeko, Beasaingo herritarren ongizate emozionala eta komunitate-sarea indartzeko helburuarekin.
Beasaingo Udalak eta Dar-Dar kooperatibak eskerrak eman dizkiete orain arte parte hartu duten guztiei, eta dei egiten diete herritar guztiei erronka kolektibo honetan aktiboki parte hartzera.













