Haur eta gazteen kantu taldea sortuko dute Zaldibian
Azaroaren 7an hasiko dira saioak, eta aurrenekoa, irekia izango da, taldearen dinamika ezagutzeko. 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzat izango da, eta Klara Mendizabalek gidatuko du.
Karla Mendizabal izango da Kantu Taldeko zuzendaria. Z.U Belaunaldi gazteetan kulturarako zaletasuna sustatzeko, haur eta gazteen kantu taldea sortuko dute Zaldibian. Ordiziako Musika Eskolarekin elkarlanean abiarazitako proiektua da, eta Klara Mendizabal sopranoa izango da zuzendaria.
8 eta 16 urte arteko haur eta gazteei zuzendua dago eta ostiraletan izango dira entseguak, 16:30etatik 17:15era, Kimuenen. Azaroaren 7an hasiko dira saioak, eta aurrenekoa, irekia izango da, haur eta gazteek taldearen dinamika ezagutu dezaten. Taldean parte hartu nahi duenek musika eskolaren bidez izena eman beharko dute. Bertako ikasleentzat doakoa izango da, baina gainerako parte-hartzaileentzat hilean 27 euroko kostua izango du.
Musika Eskolako Zaldibiako koordinatzaile Oneka Garmendiak azpimarratu du Mendizabal zuzendari gaztearen saioak haurrentzat “aukera paregabeak” direla: “Oso dinamikoa da, eta haur eta gazteen artean kanturako zaletasuna sortzen badaki”. Errepertorioari dagokionez ere, parte-hartzaileen gustuko abestiak landuko dituztela jakinarazi du.













